ELA eta LABek itunpeko irakaskuntzaren finanziazio eredu berria eskatzen dute soldaten homologazioa bideratzeko

2008/04/17
ELAk eta LABek, Itunpeko Sarean sindikatu nagusiak, ikastoletako eta ekimen sozialeko irakaskuntza alorreko langileriaren lan baldintzen hobetzea ahalbidetuko lukeen Finantzazio Akordio berri bat exijitzen dute Eusko Jaurlaritzari. Eskenatoki honetan soilik ekin ahal izango diote, Negoziazio Kolektiboaren bidetik, hain garrantzitsu diren lanaldi lektiboa eta lansarien gaiak.

Begi-bistakoa da egungo markoa, zeinetan itunpeko zentroetako finantzazio eredua oinarritzen den, ez dela inondik ere nahikoa itunpeko sareko langileriaren gaurko eta etorkizuneko beharrei aurre egiteko. 2005ean ere hala adierazten genuen: “92ko markoa agortuta dago”.

Akordio berri baten oinarrizko ildoak 2005ean sindikatuok eta Ikastolen sektoreko Patronalek (Partaide eta EIB) sinatutako “Dedikazio Akordioa” delakoan daude bilduta.

 Gure ikuspegitik, “Dedikazio Akordioak” azpimarratzen ditu Finantzazio Akordio berri batek nahitaez jaso beharko lituzkeen bi alde. Alde batetik Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpeko langileriarekiko lansarien berdintzea, bai irakasleriarentzat eta baita zerbitzu eta administrazioko langileriarentzat ere. Beste alde batetik, lanaldi lektiboaren murrizketari erantzuten diona. Ondorioz, egun moduluan sartzen diren funtzio eta jarduerez gain tutoretza, orientazioa, indartze linguistikoa... bezalakoak barneratu beharko lirateke.

Bistakoa da existitzen dela proposamen borradore bat –gutxi gorabeherako dokumentu bat-, Patronalek (KRISTAU ESKOLA eta PARTAIDE) Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari helarazi diotena. Are gehiago, azken egunotan prentsan argitaratu diren berriak kontutan hartuz gero, pentsa genezake Akordioa bertan legokeela.

Amets hutsa gure ustetan. Ziur gaude Akordioa oraindik ere oso urruti dagoela, nahiz eta ezinbestekotzat jo. Hezkuntza Administrazioak ez du izan, orain arte, inolako kontakturik ahalezko akordio bat negoziatzeko helburuarekin ez ELArekin ez eta LABekin ere; ezinbestekotzat jotzen dugun baldintza. 

Honegatik guztiagatik helarazi nahi diogu sektoreko langileria guztiari mobilizatzeko garaia iritsi zaigula jadanik. Ondorio honetara heldu gara bai ELA,  baita LAB ere. Ondorioz, Gizarte Ekimenezko Ikastetxeetarako eta Ikastoletarako antolatu ditugun mobilizazioen egutegia publiko egin nahi dugu.