ELA eta LABek Osakidetzaren jarrera baztertzailea salatuko dute

2010/11/22
Administrazioak buruturiko murrizketek marraztutako eszenatokian, Kalitatezko Asistentzia, lan-baldintza duinak eta benetako negoziazio kolektiboa aldarrikatuko dituzte. Elkarretaratzeak deitu dituzte azaroaren 24ean eguerdiko 12etan Gorliz, Donostia eta Gasteizko Las Nieves Ospitale Psikiatrikoan.

“Kalitatezko Asistentzia, Condiciones de Trabajo dignas, Negoziazioa Orain!” lemapean, ELA eta LABeko ordezkari sindikalak kontzentratuko dira hilaren 24an, Osakidetzako Mahai Sektoriala deituta dagoen egunean bertan, hilabete luzetan konbokatu gabe egon ostean.

ELA eta LABek Osakidetzaren jarrera baztertzailea salatu nahi dute, ez soilik ez dituelako deitzen osasun publikoan hartzen ari diren neurriei buruz eztabaidatzeko, baizik eta ez dizkielako jakinarazten eta prentsa edota filtrazioen bidez ezagutu behar dituztelako sindikatuek.

Gainera, sindikatuek argitu nahi dute azken hilabeteotan ezagututako erabaki guztiak osasun publikoaren kontrako eraso zuzena direla. Osasun sistema publikoak kalitatezko zerbitzua emateko beharrezko dituen giza-baliabide zein baliabide materialak murritzen ari dira etengabe: soldatak, plantila, aurrekontua, etab.