ELA eta LABen adierazpena Enpleguaren Euskal Kontseilua dela eta
Enpleguari eta prestakuntzari buruzko eskumenen egungo egoera oso larria da: Euskal erakundeek ez daukate enpleguari eta lanerako prestakuntzari dagokion eskumen arauemailerik.
- Espainiako Gobernuak 25 urteotan kudeaketaren inguruko eskumenak era egokian emateari uko egin dio.
- Euskal erakundeek eskumen gabezia hori ez dute aintzat hartu, ez eta estatuari aurre egiteko jarrera politiko egokirik hartu ere; gainera, plan izena merezi ez duten ekimenak hasi dituzte (Langai, Lanbide,...), enplegua bezain gai garrantzitsuan zerbait egiten ari direnaren itxura eman nahian.
ELAk eta LABek egoera hau salatu izan dugu, esaterako, 2003-2006 Enplegu Planari buruz egin genuen epai kritikoa eginez; plan hura ez genuen ontzat eman, irizpide europarrei era akritikoan jarraitu eta zeuden baliabideak berrantolatu besterik ez baitzuen egiten. Plan hark ez zuen geure buruari enplegu-politika aktibo eta pasiboak emateko premiazko beharrizana ukitzen, eta ez zeukan enpleguaren eta gizarte-babesaren alorrean ahalmen arau-emaile osoak lortzeko asmorik ere.
Plan haren baitan aipatzen zen Enpleguaren Euskal Kontseiluaren sorrera. Esan beharra dago, lehenik, Enpleguaren Euskal Kontseilua jadanik bazegoela. Alabaina, Confebask patronala ez zegoen harekin ados, eta parte ez hartzea erabaki zuen. Horren ondorioz, hiru urtetan Enpleguaren Euskal Kontseiluaren bilerarik ez zen izan.
Otsailaren bukaera aldera, ELAk eta LABek Eusko Jaurlaritzaren Enplegu sailaren asmoen berri izan genuen: Enpleguaren Euskal Kontseilua aldatu nahi zuen, nonbait ugazabak asetze aldera. Luzatu zitzaigun egitasmoari buruz hainbat iritzi eta proposamen adierazi genuen bi sindikatuok. Enplegu sailaren esanetara geunden, bildu nahi izanez gero, baina hark ez zuen horretarako ahaleginik egin.
ELAk eta LABek gure proposamenei emandako erantzunik ez dugu jaso, eta ez digute inolako azalpenik eman. Gero, Eusko Jaurlaritzak ekainaren 15eko bileran dekretu berria onartu zuen; berau aste honetan ezagutu dugu, EAEko boletin ofizialean argitaratu denean.
Enpleguaren Euskal Kontseilua aldatzen duen dekretuari buruz ELAk eta LABek honakoa adierazi nahi dugu:
- Dekretuarekin posizio politikoa noraezean geratzen da, eta hau azaltzerik edo zuritzerik ez dago. Kontseiluari eman dizkioten egitekoen arabera, izatez onartu egiten da enpleguaren inguruko eskumen gabezia. Eusko Jaurlaritzak ontzat ematen du ere estatutik ahalmenik ez jasotzea, INEM enpleguaren bitartekaritza zerbitzuan eragile iraunkorra izatea, edota enpleguari eta prestakuntzari buruzko gaiak estatu mailan erabakitzea. Adibidez, dekretuak biltzen dituen funtzioen artean honakoak daude: "Erakundeei arauak garatzeko edo "Estatuko Enplegu-Zerbitzu Publikoa barne" instituzioen arteko koordinaziorako ekimenak proposatu eta ebaluatzea", edo "Sektore-konferentzietan bai gobernu zentralak, bai Eusko Jaurlaritzak egindako proposamenak aztertu eta ebaluatzea". Halaber, dekretuak sortzen dituen Lurralde-Kontseiluetako partaide egiten dute "estatuko enplegu-zerbitzu publikoaren ordezkari bat". Eusko Jaurlaritzak honelako urratsik egiten duen lehenengo aldia da. Dekretua puntu honekiko ELAk eta LABek jaso genuen zirriborroa baino are okerragoa da. Gure proposamenak ez dira aintzat hartu, baina gainera testuak okerrera egin du.
Beraz, ELAk eta LABek
- uztailaren 12an argitaratu den dekretua errefusatzen dute;
- ez dira Enpleguaren Euskal Kontseiluko partaide izango, eta
- Kontseilua agiri honetan zehaztu den moduan alda dadila eskatzen dute.