ELA Europako Foru Sozialean

2008/09/18
ELAren ordezkaritza bat, idazkari nagusi Jose Elorrieta buru, Malmoe-ra (Suedia) joan da, Europako Gizarte Foroan parte hartzera, irailaren 18tik 21era.

ELAk gogotsu hartuko du parte foroan, bi mahaingurutan arituko baita, beste ordezkari sindikalekin eta gizarte-elkarteekin batera.  hilak 18an, Julene Gabiolak, ELAren Azterlan Bulegoko kideak, “Enpleguaren bilakaera eta prekarietatea” izenpeko mintegian parte hartuko du, Belgikako, Italiako eta Frantziako sindikalisten artean. Gabiolaren esanetan “enpleguak gora egin arren, lan-errentek pisua galdu dute aberastasunean. Hortik ikusita, alde ederra dago oraingo hazkunde garai honen eta aurreko hamarkadetan izan direnen artean”.

Ildo horretatik, kontratuen %91 aldi baterakoak dira, eta lan-merkatura sartu diren gazteak baldintza prekarioetan sartu dira, soldata eta lanaren beraren aldetik. Egoera horren adierazgarri garbia da industriako langile okupatu bakoitzeko den lan-kostua KPIren azpitik igo dela, 2’2 puntu KPIren azpitik, hain zuzen.

Bestalde, Azterlan Bulegoko arduradun Mikel Noval hilaren 19an arituko da eztabaida batean sindikalismoak duen erantzukizunaz gizarte-politika publikoen eta fiskalitatearen aldeko ekintzetan. ELAk iaz bultzatu zuen gizarte-ereduaren kanpainaren emaitzak abiapuntu harturik, Novalek sindikatuen inplikazio zuzenaren beharra azpimarratuko du, gizarte-politika publikoak eta ongizatearen estatua zaintze aldera, gobernuek etengabe egiten dituzten murrizketak eta erasoak behin ikusita. “Aurre egin behar diegu gobernuei, ELAk hala egin du, eta hala jarraituko du egiten datozen urteetan ere. Dirudienez, ongizatearen estatuaren aldeko borrokan jarraitu beharko dugu, eta sindikatuek bere egin behar dute borroka hori” dio Novalek.