ELA ez da joan Hezkuntza Sailburuak antolatutako bilerara

2010/03/09
ELAk ez zuen parte hartu Hezkuntza Sailburuak Hezkuntza Marko Hirueledun berriaz martxoaren 8an antolatu zuen bileran.

Jakina denez, ekimen hau duela gutxi aurzkeztua izan da Eusko Legebiltzarrean. Marko berri honen ildoak, sindikatu honek bederen, hedabideen bitartez ezagutu ditu lehendabizi. Proposamenaren xehetasunak hedabideek argitaratuak izan ondoren bakarrik eman dio Hezkuntza Sailak Legebiltzarrean izandako agerraldiaren berri sindikatu honi.

Beraz, jadanik ezaguna da Marko berri honen edukia, Hezkuntza Sailak berak bakarrik egina –aurretik inolako kontsulta edota hezkuntza eragileen esku hartzea izan ez duena, ezta ekarpenik egiteko zirriborrorik ere ezagutu ez duena– eta nahitaez indarrean ezarriko dena, modu experimentalean bada ere.

Horregatik guztiagatik, ELAk uste du gaur antolatutako bileraren helburua ez dela sindikatu honen edo beste edozeinen iritziak entzutea, ezta halako garrantzia daukan gai honi buruz eztabaida-aldi bat irekitzea ere, baizik eta errealitatean Hezkuntza Sailak lantzen ez dituen elkarrizketaren eta parte hartzearen itxura irudikatzea.

ELAk, Hezkuntza Marko Hirueledun berriaren edukia arretaz aztertu ondoren, bere iritzia jakinaraziko dio EAEko Hezkuntza Sailburuari zein euskal gizarte osoari.