ELA ez da joan Hezkuntza Sailburuak antolatutako harrerara eta ondorengo “lan” bilerara

2009/05/27
Bilera honek, ELAren iritziz, ez du izaera honetako ekimen bati eska dakiokeen behar besteko seriotasunik.

Deialdia bera berrogeita zortzi ordu baino gutxiagoko epeaz egin izanak, argi erakusten du deialdiaren beraren lehentasuna ez dela hezkuntza-eragileekin serioki aztertzea Eskola Publikoa jasaten ari den arazoei aurre nola egin eta dauzkan erronkei nola erantzun, baizik eta hedabideen aurrean itxura egitea.

Eskola Publikoaren egoerari erantzutea eta hobera egitea bada helburua, ez da ulertzekoa Hezkuntza Sail berriak egindako lehendabiziko iragarpena eskolan euskara irakas-hizkuntza nagusi bezala erabiltzea eragotziko duen neurria izatea, eta –horren ordez– egundaino ez iragarri izana aldaketarik ikastetxe sarearen ordenazio eta plangintzarako irizpideak ezartzen dituen Dekretuan (Eskola Mapa), hezkuntza-sistema publikoan ikasle guztiei postu bat bermatze aldera.

Eskola Publikoarekiko eta haren hobekuntzarekiko bere konpromisoa berresten du ELAk eta, ondorioz, langileekin eta hezkuntza-eragileekin batera sektorearentzat beharrezkoak diren neurriak bultzatuko ditu, orain arte bezala.