ELA ez da joango Confebask-en bilerara

2015/06/26
ELAk ez die publizitaterik egingo sinatzaileei, akordio txar bat 17 autonomi-erkidegotan klonatzeko. Patronalak, akordioa loteslea ez dela esateaz gain, beste lan-erreforma bat eskatzen dio PPri, besteak beste, kaleratze askea eta askoz merkeagoa ezartzeko, eta epaileek aurrerantzean lehengo erreformaren ondoriorik gogorrenak arintzeko aukerarik ez izateko.

ELA ez da joango Confebask-en bilerara, hurrengo arrazoi hauek direla-eta:

  1. Confebask-ek onargarritasuna eman nahi dio langileriarentzat oso kaltegarri den negoziazio-eredu bati. Abiapuntuak dira lan-erreforma osotasunean onartzea eta enpresei malgutasun handiagoa ematea.

  2. ELAk gogoratzen du patronaleko ordezkariek (Garamendi Confebask-en hautagaia zen CEOEko lehendakaritzarako) azpimarratu dutela akordio hori ez dela loteslea, eta soldata-igoerari dagokionez "minus infinitutik %1eraino ezarri daitekeela". CEOEk, bere aldetik, zirkular bana bidali die elkargokideei sinaturikoa nola interpretatu behar den azalduz, eta besteak beste, derrigorrez bete beharreko ezer ez dagoela dio.

  3. Patronalak, akordioa loteslea ez dela esateaz gain, beste lan-erreforma bat eskatzen dio PPri, besteak beste, kaleratze askea eta askoz merkeagoa ezartzeko, eta epaileek aurrerantzean lehengo erreformaren ondoriorik gogorrenak arintzeko aukerarik ez izateko.

  4. Patronalak darabiltzan estrategiak (zerbitzuak kanpora ateratzea, azpikontratatzea, lanaldi partzialeko kontratazioaz gehiegi baliatzea, lege-iruzurrean egindako behin-behineko kontratazioa, outsourcing...) lan-esplotazioa areagotzekoak dira, eta akordio horrek ez die mugarik jarriko.

  5. ELAk gogoratzen du, gainera, Confebask-ek ez duela eskumenik hitzarmenak egiteko, eta hala errepikatzen diote lurraldeetako elkargokideek (CEBEK, SEA eta ADEGI). Lurralde-elkargo horiek dira, hain zuzen, negoziazio kolektiboa blokeaturik dutenak.

ELAk ez die akordio-sinatzaileei publizitaterik egingo akordioa 17 autonomia-erkidegoetan klonatzeko. ELAren ustez patronalen estrategiei aurre egiteko modu bakarra langileak antolatzea da. Lan-baldintza duinak ez dira zainduko, ezta hobetuko ere, horrelako akordioen bidez edo patronalak deitu duen bilera bezalakoen bidez.