ELA ez da Nafarroako Enplegu Zerbitzuan-Lansaren (SNE-NL) sartuko
ELAk datorren urtarrilaren 25ean eratuko den Servicio Navarro de Empleo-Nafar Lansareko (SNE-NL) kontseiluan ez duela parte hartuko iragarri du gaur. ELAren iritziz, Gobernuak UPN-PSNren Gobernuek ezarritako politika bezerkoiarekin eta pribilegioekin bukatzeko aukera galdu du.
ELAk gogorarazi nahi du SNE-NLek UGT, CCOO eta CEN erakundeei diru-laguntzak emateko politikarekin jarraituko duela, aurrekontuek erakunde hauekin hitzarmenak egiteko 5 milioi euro baino gehiago jasotzen dituztelako. Zentzu honetan, ELAk gaur informazio gehiago eman du 2015. urtean beraien soldata diru publikotik jaso zuten pertsona estrukturaren inguruan. Gutxienez 165 pertsonek jaso zuten iaz euren soldata diru publikotik, 51.200 eurotako soldatak izateraino.
Afera honi buruz, ELAk gogora ekarri du Gobernu berriak abian jarri nahi dituen hitzarmenak legez kanpokoak direla, lehia irekian eman behar direlako eta ez modu zuzenean UGT, CCOO eta CEN erakundeen mesedetan, langileentzako formazioa mozorro hutsa erabiliz. Horrelako erabakiak frogatzen dute Gobernu berriak ez duela apustu garbia egiten zerbitzu publiko baten alde.
Beste aldetik, ELAk salatu du SNE-NL erakundean parte-hartzea ez dela demokratikoa izanen, eta horrela adierazten dute SNE-NLren estatutu berriek: kontseiluan parte hartzen ez duten erakundeen lekuak besteen artean banatuko dira.
ELAk uste du erabaki hori antidemokratikoa dela, ordezkaritza alda daitekelako inolako zilegitasunik gabe, SNE-NL erakundean parte hartzen ez duenaren arrazoiak eta kritikak ikusezinak bihurtzeko asmoarekin. ELAk azpimarratzen du hau oso larria dela, are gehiago patronalak bere benetako ordezkaritza ez duelako inoiz frogatu.
ELAk gogoratu nahi du enplegu politikek langileen prestakuntza eta aukerak areagotzea izan beharko lituzkeela helburu; ez, ordea UGT, CCOO eta CENen finantziazioa.
Beraz, ELAk, koherentziaz, azkenengo hilabeteetan publiko egin duen jarrerarekin bat, ez du SNE-NLan parte hartuko.
Azkenik, ELAk gogoratu nahi dio Gobernuari, besteak beste, jokoan dagoena sindikatuak berdintasunean aritzeko aukera dela, oraingoan betetzen ez den baldintza bat.