ELA EZKER ABERTZALEKO ORDEZKARIEKIN BILDU DA

2003/12/25

Abenduaren 24ko arratsaldean Jose Mari Aranbarri ELAren idazkari nagusi ordeak eta Leire Txakartegi eta German Kortabarria talde exekutiboko kideak Arnaldo Otegi, Pernando Barrena eta Joseba Permach-ekin izandako bilera ELAk ezker abertzaleko ordezkari politikoekin izan ohi dituen harremanen jarraipentzat hartu behar da.

Bertan aurkeztu den datozen hauteskundeetarako abertzaleen hautagaitza bakarra aurkezteko proposamenari buruz, German Kortabarria sindikatuko bozeramaleak adierazi duenez, ELAk nekez har dezake haintzakotzak ekimena, hauteskunde zelaian kokatzen baita, hots, zuzenean alderdi politikoen joko zelaian.

ELA bat dator autodeterminazio eskubidearen alde egiten dutenen arteko funtsezko adostasuna bilatu behar den mezuarekin, baina ELAren bozeramalearen iritzian bat etortze horrek prestaketa lan gehiago eskatzen du, elkarrizketa eta, esan ohi den bezala, sukalde lana... Kontzentzuak ez dira kolpetik lortzen, aurretiko lana eta baldintzarik gabe, esan du bozeramaleak.

ELAk ezinbestekotzat jotzen ditu elkarrizketa eta adostasunak bilatzeko lana, errazak ez badira ere, eta ildo horri jarraitzeko asmoa berresten du, batez ere LABekin elkarlana jorratuz.