ELA harrituta dago Foru Aldundiak esan duelako zahar-etxeetako gatazkaren amaiera ordu gutxitan iritsiko dela

ELAk argi utzi nahi du Unzueta andereak atzo hedabideetan aipatu zuen moduko proposamenik ez duela jaso, ez Aldundiaren, ez sektoreko patronalen aldetik.
ELAk honakoa esan nahi du:
- Langileek astean 35 orduko lanaldia izatea lehen urratsa da kalitatezko arreta emateko zerbitzu honi, zeinetan lan-kargak pairaezinak eta onartezinak diren; enpresek eta Aldundiak auzi hau bigarren planoan kokatu nahi dute.
- ELAk ratioei buruzko proposamenik ez du jaso, eta hau gatazka konpontzeko ezinbesteko baldintza da. Duela zenbait hilabete ELAk eta Babestu senideen elkarteak proposamen bat plazaratu zuten; Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu genion ratioen hobekuntza argia eta tasatua ezarri behar zela zentroetan, datu errealen gainean eta gerokultoreak zuzeneko arretako langile gisa zehazten direlarik.
- Atzo Aldundiak hainbat urtetan soldata igotzeko egin zuen proposamena lausoa da eta ez ditu langileen beharrizanak asetzen; hauek gatazkaren hasieratik aldarrikatu dute 100 euroko igoera, urtebeteko iraupena izango duen lan-hitzarmenean. Gogoratu beharra dago langile hauen soldata Aldundiak zuzenean kudeatzen dituen zahar-etxeetakoena baino %50 txikiagoa dela, eta hauei gainera 1.592 orduko lanaldia aitortu zaiela; bestalde, egoiliarren arretarako langile kopuru bikoitza dute, Aldundiak azpikontraten esku uzten dituen egoitzen aldean, hots, gatazka honek eragindakoen aldean. Gainera, sektore bereko langileek Gipuzkoan eta Araban Bizkaikoek baino baldintza askoz hobeak dituzte.
Negoziatu nahi dugu, eta dei egiten diegu Foru Aldundiari, zerbitzuaren ardura duenez gatazkan inplikatuta dagoelako, nahiz patronalari, arduraz joka dezaten eta irtenbide bat eman diezaioten Bizkaiko 10.000 egoiliarrek eta 5.000 beharginek bizi duten gatazka honi.