ELA: "Hezkuntza Sailak 2008an egingo duen Enplegu Eskaintza Publikoa ez da nahikoa"

2007/10/16
Urriaren 16an Mahai Sektorialak egin zuen bileran, Hezkuntza Sailak bere behin betiko erabakia jakinarazi zuen 2008ko oposizioei buruzkoa. Azkenean, 614 lanpostu eskainiko ditu. Horietatik %10ak ez du HE 2rik izango. Deialdi honen ardura Hezkuntza Sailarena eta EEP honek ez die sektoreko arazoei aurre egiten.

Erabaki honek, Hezkuntza Sail honen kasuan ohiko bihurtzen ari den bezala, ez du inola ere ELA, STEE-EILAS eta LABen onespenik izan, hots, sektoreko langilen ordezkari gehienek ez dute ontzat eman EEP hau.

Lanpostuen kopuruari dagokionez, ELAk uste du, hainbat faktore kontuan hartuz gero, ez dela nahikoa. Besteak beste, faktore horien artean honakoak azpimarra daitezke:

-ikasturte hasierako esleipenetan kidego hauetan irakasle ordezkoei eskaini zaizkien lanaldi osoko lanpostu hutsak 1.992 izan dira.

-datozen urteetan izango diren erretiroen kopuru handia

-aurki Bigarren Hezkuntzara iritsiko den gorakada demografikoa

-Bigarren Hezkuntza eta Hizkuntza Eskola Ofizialetako kidegoetan eskainiko diren lanpostuen erdia jadanik funtzionario direnei gordeko zaie txanda berezietan

Horregatik guztiagatik, ELAk uste du EEP honetan gutxienez 1.000 lanpostu eskaini beharko liratekeela. Eskaintza honek, gainera, irakasgai eta espezialitate guztietan lanpostuak eskaintzea ahalbidetuko luke.

Lanpostuen hizkuntza eskakizunari dagokionez, ELAk uste eta defendatzen du sartzear dauden irakasleek, sabuespenak salbuespen, gai izan behar dutela eskolak EAEko hizkuntza ofizial bietan emateko eta, hortaz, Hezkuntza Administrazioak abiaburu hori gogoan izan beharko lukeela oposizioen irizpide eraginkorrak finkatzerakoan. Tamalez, Hezkuntza Sailak gaur hartu duen erabakiak irizpide hori ez du guztiz betetzen eta sarbidea emango die EAEko hizkuntza ofizialetatik bat ezagutzen ez duten irakasleei.

Hau guztia gogoan izanda, ELAk berresten du EEP hau ez dela nahikoa eta prekarietate-maila jaiste aldera komenigarria litzatekeela egonkortasun-konpromisoa berreskuratzea.

Bestalde, ELArentzat benetan bitxia eta harrigarria suertatu da orain 614 lanpostutako eskaintza hau CCOOk gutxietsi izana, ekainean –akordioa sinatu zuen unean– Hezkuntza Sailaren asmoari, 2.008an soilik 550 lanpostutako EEP bat egitekoari, baietza eta babesa eman zion sindikatu bakarra izan zen eta.
Bukatzeko, ELAk argi adierazi nahi du oposizio hauen erantzukizuna Hezkuntza Sailarena eta haren politika babesten dutenarena dela. ELAren esku balego, oposizio hauetan 1.000 lanpostu eskainiko lirateke eta hizkuntza normalkuntzak aurrera egingo luke.