ELA-Industria eta Eraikuntzak aberastasuna banatzeko apustua egin du enpresa-mozkinak handitzen ari direla eta

2022/06/16
Gasteizko Kongresuaren 342 ordezkariek Unai Martinez berriro hautatu dute idazkari nagusi, federazioaren Batzorde Iraunkorreko gainerako kideekin batera (%94,4). Bere parte hartzean, Mitxel Lakuntzak salatu du Eusko Jaurlaritza “Mercedesen esanetara jarri dela lan baldintzak prekarizatzeko diru publikoaren truke”.

ELA-Industria eta Eraikuntza federazioak Gasteizko Europa Jauregian egin duen kongresuan, ‘Eraldaketa aktibatu’ lelopean, lau ebazpen onartu ditu: negoziazio kolektiboan, aberastasuna KPItik gorako akordioekin banatzearen alde egingo da; Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren propaganda salatuko da, benetako industria-politikaren ordezko gisa; genero-arrazoiaren eta sexuaren araberako bereizkeriaren aurkako borroka areagotuko da; eta lantokiak antolatzearen eta sindikatzearen aldeko apustua egingo da. Federazio honek 38.364 afiliatu ditu.

Guztira, 320 biltzarkidek eman diote babesa federazioaren ildoari, eta, gainera, Unai Martinez berriro hautatu dute idazkari nagusi gisa (aldeko botoen ehunekoa %94,4koa da), baita Batzorde Iraunkorreko beste sei kide ere, honako erantzukizun hauekin:


* Unai Martinez Azarola: Idazkari Nagusia. Donostia. Gipuzkoako eraikuntza
* Mikel Etxebarria Campos: Konkurtsoak. Ibaizabal Nerbioi eta Bilbo. Bizkaiko eraikuntza.
* Irati Bañuelos Ruiz de Erentxun: Urola-Kosta eta Nafarroa
* Arrate Elkoro Zengotitabengoa: Genero-ekitatea. Nazioartekoa. Ezkerraldea-Kadagua eta Deba
* Sergio Vazquez De la Fuente: Eskumaldea eta Gernika Durango
* Esther Arruti Roteta: Oarso-Bidasoa eta Oria-Goierri
* Hodei Blasko Otsoa: Gasteiz.


Unai Martinezek bere hitzaldian nabarmendu duenez, “prekaritatea nagusitzen ari da Eraikuntzan, eta, bestalde, 4.0 Industria saltzen digute, baina lan-eskubiderik gabe. Hori al da etorkizuna? ELAk etorkizun hori desberdina izan dadin borrokatzen du”. Era berean, gogorarazi du “negoziazio kolektiboa dela langile-klaseak aberastasuna banatzeko duen tresna, eta, horregatik, KPItik gorako soldata-igoerak lortzea helburu bat dela, baita lanaldi-murrizketak ere”.

Bestalde, Martinezek bereziki azpimarratu du “ELAk diskriminaziorik gabeko industria eta eraikuntza lortzeko egiten ari den borroka; hor jarraitzen du generoko soldata-arrakalak. Soldata txikienak  sektore feminizatuenetan daude (ehun- eta elikadura-industriak, adibidez). Gainera, metalaren edo paperaren tailerretan ia ez dira emakumeak kontratatzen”.
Gainera, Martinezek salatu du “hemen ez dagoela industria-politikarik, gobernuek propaganda baino ez dutela egiten. Erabakiak gero eta urrunago hartzen dira; hor dago Gamesaren adibidea: diru publikoa, mozkin pribatuak, eta orain Siemensek erabakiko du”.

Lakuntza: “Gobernuak multinazionalen menpe daude”


Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak ere parte hartu du ELA-Industria eta Eraikuntzaren kongresuan, eta gogor kritikatu du Eusko Jaurlaritzaren zein Nafarroako Gobernuaren enplegu politika: “Gobernuen lehentasunak dira enpresei zergak ahalik eta gehien jaistea, eta politika industriala multinazionalen esanetara jartzea. Aspalditik gatoz -gaineratu du- gauza bat esanez: eredu produktiboa eraldatu beharko da nahi eta nahi ez. Zer, non eta nola ekoiztu behar den erabaki behar da. Eta horretarako lidergo publikoa behar da”.
Aldiz, Lakuntzak esan duen bezala, “gure gobernuek kontrako bidea hartu dute, enpresa publikoak saldu eta abandonatu dituzte: Euskaltel, La Naval edo Gamesa, besteak beste”.

Ildo horretan, Lakuntzak Mercedes-en kasua ekarri du gogora: “Zer gertatu da Mercedesen?  Urkulluren gobernua berriz ere multinazional baten xantairi babesa ematea erabaki duela. Oso larria da, langileekin hitz egin gabe egin delako, helburu jakin batekin: lan baldintzak prekarizatzea diru publikoaren truke. Deitu duten memorandum hori -gaineratu du Lakuntzak- orokorkeriz beteta dago, baina argi geratu da hemen Mercedesek agintzen duela eta Arabako Aldundia eta Eusko Jaurlaritza bere esanetara daudela”.


ELAko idazkari nagusiak salatu du “enpresa batek egin beharko lituzkeen inbertsio pribatuak denok ordaintzea nahi dute eta gainera lan baldintzak okertuz. Hau egin eta gero, arduraz jokatzeko eskatzen digute sindikatuoi. Baina guk ez dugu xantairik onartuko. Enplegua eta lan baldintzak defenditu behar dugu, kosta ala kosta!”.