ELA Jarrai-Haika-Segi kasuko epaiari buruz

2005/06/20

ELAren ustez, Auzitegi Nazionalak Jarrai-Haika-Segiko kideen aurka eman duen epaiak argilunak ditu: batetik, sindikatuak kritikagarri irizten dio gazte mugimendua legez kontrakotzat jotzeko erabakiari, baina bestetik urrats garrantzitsu bat ematen du erakunde hauen ekinbidea ETAren jardunetik erabat bereizten duenean.

Izan ere, bigarren puntu honi dagokionez, epaiak Auzitegi Nazionalean Garzon eta beste epaile batzuk ezarritako irizpidea, PPk eta itun antiterroristak ere ezarri zuena, hots, ETAren helburuekin bat etortzeak edozein erakunde terroristatzat hartzeko susmopean jartzeko balio zuena, hankaz gora botatzen du.

ELAren irudiko, irizpide berri honen arabera, hainbat erakunde, mugimendu eta proiekturen aurkako jazarpena berriki jakin denez LAB entzuketen bidez jasaten ari dena edota 18/98 sumarioan bildutako pertsona eta taldeena bertan behera utzi beharko litzateke.