ELA-k Arabiar Iraultzari buruzko seminario batean parte hartu du

2013/06/04
ELA-k parte hartu du Bruselan izandako arabiar iraultzak eta langileen eskubideen gain izan dituen ondorioei buruzko seminario batean. Seminarioa ELA-k, Belgikako CSC eta CSI-rekin batera antolatu du eta bertan Egipto, Tunez, Maroko, Aljeria eta Mauritania-ko sindikatu ezberdinek hartu dute parte.

Seminarioak arabiar erregioko iraultzen alde ezberdinak aztertu ditu. Alde batetik, herrialde bakoitzean mobilizazioak zelan hasi eta zelan antolatu ziren aztertu, kontutan izanda sindikatuek izan zuten garrantzia prozesuan, eta bestetik, iraultzaren ondorioak eta gaur egungo langileen eskubideen egoera aztertu da.

Eztabaidan emakumeen egoerari buruzko atal berezi eta zehatz bat egon da, izan ere iraultzen ostean bizi izan ziren eraldaketarako momentu optimisten ondoren, eta emakumeen parte-hartzea iraultzan garrantzitsua eta ezinbestekoa izan bazen ere, euren egoerak atzera egin baitu era bat, 2011an zuten egoerarekin alderatuz. Emakumeek euren ardura azaldu dute korronte erlijiosoak gero eta botere handiagoa hartzen ari direlako gobernuan eta gizartean eta hauentzat, emakumearen lekua etxea da, beti ere bizitza publikotik at.

ELA-k bere babesa eta elkartasuna azaldu du oraindik bukatzeke dagoen eraldatze prozesu honekin eta emakumeak laguntzen eta babesten jarraituko du berdintasun osoa eta onarpena lortu arte.