ELAk arduragabekeriatzat jotzen du administrazioetako langile publikoen soldatak izoztea

2011/10/27
Erabaki honek langile eta gizartearen aurkako eraso larria dakar, egiazko ekonomia okertzen baitu eta langabezia gehiago sortu.

Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu egitasmoak, besteen artean, administrazio publikoetako langileon soldata izozketa aurreikusten du, beste behin, 2012. urterako. Era berean, plantillaren hazkunde eza aurreikusten du.

Modu honetan, bereziki zigortu nahi da kolektibo publikoa, hain zuzen sortu ez duen krisiaren ordaintzaile bihurtu nahi delarik. Gehitu egin behar zaio erabaki honi 2.010. urteko %5eko soldata murrizketa eta 2011. urteko soldata izozketa. Beraz, eskuratzeko ahalmenaren galera %13ren inguruan dago. Greziako eredua hartuta, erabakiak eskubideen galera sendotu nahi ditu langile publikoen artean, eta bere lan baldintzak pobretu.

Gutxi balitz, enpleguaren ikuspegitik agindutakoa ez dute bete, ez ordezkapenak, konsolidazioak eta enplegu eskaintzetan ere. Honela zerbitzu publikoaren kalitatea narriatuko da eta egungo lan zamak handitu. Enplegu publikoaren suntsiketa honek bide ematen dio hainbat zerbitzu publikoren pribatizazioari, bereziki abagune honetan jendeak gehien behar dituenak.

ELAk arduragabekeriatzat jotzen du, ekarri gaituzten krisi egoera honetan, sektore publikoaren ahultzearen aldeko hautua egitea, edo gastu soziala murriztea, pribatizazioei bide ematea, enplegua suntsitzea eta krisiaz baliatzea langileon lan baldintzak pobretzeko. Guzti honek erakusten digu  nolatan agintzen dutenek herritarren gehiengoaren aurkako politikak ezartzen dituzten eta, espresuki, okerren daudenekin.

ELAk bidegabekeria hauen aurrean ez du amore emango eta neurriak borrokatuko ditu. Bide horretan egungo mobilizazioei eutsiko diegu jorratzen dituzten politikak alternatibarik badutela azaltzeko eta horien aldeko borrokak pena merezi duela baieztatzeko. Hartara, dei berezia egiten diogu administrazioko sektore guztietako pertsonalari mobilizazio horietan parte har dezan bere eskubideak, enplegua eta zerbitzu publikoak defendatu ditzan.