ELA-k uko egiten dio bere siglak helburu alderdikariez erabiltzeari

2009/02/20
ELAk betidanik eman dio berebiziko garrantzia aldi berean kargu sindikala eta politikoa ezin izateari, eta inor ez baliatzeko ELAren siglez hauteskunde orokorren tirabiretan. Gure artean ezaugarri hori urtetan zehar berezko ikurra bilakatu da gaur egunera arte eta, hemendik aurrera ere, balore hori babesten konprometiturik gaude.

Printzipio horrekin bat, ELAk honela du ezarrita bere Estatutuetan:

 9. Artikulua. Bateraezintasunak

 1. Bateraezina da Nazio Kontseiluko, Nazio Batzordeko, Batzorde Eragileko eta Lanbide Federazioetako zein Eskualde Batzetako zuzendaritza-organoetako eta – aldi berean – alderdi edo elkarte politiko bateko zuzendaritza-organoetako kide izatea, baita kargu publikoren batean jardutea ere. Hauteskunde politikoetan parte hartzeak berekin dakar sindikatuko karguak uztea. Halaber, bateraezintasun hau aplikagarria zaie ordu sindikaletako kredituak metatuz edo antzeko sistemaren batez eginkizun sindikaletan bakarrik diharduten guztiei.

 2. ELAko kide den inork ezin du erabili bere kargu sindikala helburu elektoral zein politikoetarako, edo jarduera sindikaletik kanpoko beste zeinahi eginkizunetarako.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak direla-eta, ELA ohartu da zenbait afiliatu ELAren siglez baliatzen ari direla helburu alderdikariekin, eta hori berariaz debekaturik dago Estatutuetan, gorago aipatu den bezala.

Sindikatuko zuzendaritza harremanetan jarri da afiliatu horiekin, barne-arauaren debekua jakinarazteko, eta ELAren siglak asmo horiekin gehiago ez erabiltzeko.

ELAk arretaz begiratuko du barne-arauak bete daitezen, eta ELAren siglak inork erabil ez ditzan, alderdien arteko hauteskunde-eztabaidetan.