ELA, LAB, EHNE ETA HIRU SINDIKATUAK ALVARO AMANNekin BILDU DIRA EUSKAL TRENBIDEA OSATZEKO PROPOSAMENAK AZALTZEKO

2003/12/10

Gaur goizean ELA, LAB, EHNE eta HIRUko ordezkariak Alvaro Amann, garraio eta lan publikoen kontseilariarekin bildu dira Eusko Jaurlaritzan Gasteizen, Euskal "Y"aren aurkako iritzia azaltzeko. Sindikatuen esanetan "proiektu hau ez da benetan herri honek behar duena". Bilkuraren ondotik sindikatuek honako komunikatua plazaratu dute:

Behean sinatzen dugun sindikal erakundeok, ELA, LAB, EHNE eta HIRU, beste gizarte erakunde eta alderdi politikoekin onetsitako puntuak berresten ditugu, zeinetan honokoak baieztatzen genituen:

- Abiadura handiko trenaren proiektua ez da Euskal Herriarentzako gizarte baliagarritasuna duen proiektua, gizarte baliagarritasuna elkarrekin eginiko txostenean azaltzen zen bezala ulertua. Beraz, AHTren proiektuari ezetz esaten diogu. Era berean, euskal Y-aren proiektuak itzelezko inpaktu negatiboak eragingo lituzke arlo sozialean, ekonomikoan, nekazaritzan eta ingurumenean; jadanik dokumentatuak eta kontrastatuak izan diren inpaktuak, eta proiektuaren balizko gizarte onurak baino askoz urriagoak litezkeenak.

- Eusko Jaurlaritzak ez du bultzatu, euskal Y-aren adinako proiektu bat garatu ahal izateko beharrezko gizarte eztabaida, eta informazio gardentasunik gabeko politika erabili du, gure ustez nahita egin dena, proiektua ahalik eta ixilen aurrera eramateko asmoz eta ahalik eta oposizio txikiena aurkitzeko asmoz. Apustu egiten dugu gizarte eztabaida serio eta zabal baten alde, euskal gizartea osatzen duten eragile guztien artean, definitzen joateko lurralde antolamenduaren eredua, garraio sistemaren eredua eta, zehatzago, gizarte bezala behar dugun trenbide sistema.

- Euskal Y-a ez da, konponbide posible bakarra. ELA, LAB, EHNE eta HIRUk abiadura handiko trenaren gaian harturiko bidea berriro aztertu dezala eskatzen diote Eusko Jaurlaritzari. Era berean, Euskal Herrian eduki beharreko trenbide sareari buruz iritzi eta alternatiba ezberdinak aztertzea eskatzen diote, eta egin behar denari buruz adostasun batera iristea, trenbide garraioa eta Euskal Herri osoko garraio sistemaren osotasunaren inguruan.

- Gizarte eragile ezberdinak, ELA, LAB, EHNE eta HIRU beraien artean, euskal Yarekiko aurkako jarrera hartzera heldu dira. Honek, Eusko Jaurlaritzak bultzaturiko trenbide proiektuak duen gizarte adostasun falta itzelaren aurrean lagatzen gaitu; nahiz eta Garraio Sailak gutxietsi eta, are gehiago, ukatu egin duen egoera hau.

- Europar Batzordeak zein Eusko Jaurlaritzak, gizartearen benetako beharrei erantzuten dien proiektuak bakarrik finantzatu beharko lituzketela uste dugu, dagokion lurraldeko gizarteak hala adierazita, gure kasuan, euskal gizarteak.

Iritzi hauei, ELA, LAB, EHNE eta HIRUk honokoak gehitu nahi ditugu:

- 2003ko uztailean Garraioko euskal sailburuari sindikatu arteko gure Gizarteerabilpenerako euskal trenbide sare baterako irizpideak txostena aurkeztu arren, Eusko Jaurlaritza ez da izan gai, gaur arte behintzat, eztabaida bat irekitzeko edo eta bere edukiei buruz iritzia emateko.

- Kutsaduraz, arriskuz eta saturazioz beteriko gure errepideen egungo egoerak beharbeharrezkoa egiten du errepide edo beste garraio mota desegokiagoetatik trenbidera transferentzia posible egingo duen trenbide sare baten eraikuntza, bereziki merkantzien kasurako. Sindikatu arteko txostenean, benetako gizarte erabilpenaren zerbitzua eskaintzeko, eta nekazal, ingurumen, ekonomi eta gizarte eraginak murrizteko, gure ustez trenbide sareak izan beharreko irizpideak zenbatzen genituen. Beraz, guztiz premiazkoa deritzogu euskal trenbide sare baten eraikuntza, gure lurraldea eta gizartea bertebratuko dituena, eta europar trenbide garraiobideekin lotura posible egingo duena.

- Horretarako beharrezko finantzaketa eskatzen dugu. Europar fondoei dagokienez, Euskal Herriko benetako beharrizanei erantzuten dien trenbide sare bat eraikitzera zuzendu beharko litezkeela fondook uste dugu, adibidez, sindikatu sinatzaileek proposaturiko irizpideak jarraituz. EAEko gobernuaren jokabidea baina, guztiz bestelakoa da, eta AHTaren eredu bat inposatzen digu interes ekonomiko zehatz batzuen zerbitzura, trenbide proiektua bueltarik gabeko bide baterantz bultzatuz, eta beraiek bakarrik izanik honen erantzuleak.

- Europako Batasuneko Garraio Ministro guztiei, euskal Yaren inguruan eztabaida eta adostasun ezari buruz berri eman diegula publiko egiten dugu, eta baita sindikatu arteko gure Gizarte-erabilpenerako euskal trenbide sare baterako irizpideak txostenaren kopia bat eman diegula ere. Garraio sailburuarekin bilerari dagokionez, zeinetan goiko txostena eman diogun, honokoa adierazten dugu: Sailburuari sindikatu arteko txostenaren erantzuna eskatzea eta Euskal Herrian gai honekiko dagoen eztabaida eta adostasun eza gogoraraztea izan da bileraren helburua. Zentzu bietan, gure itxaropenak ez dira inola ere bete, eta beraz, emaitza guztiz frustragarria izan da guretzat. Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak tamaina honetako proiektu batek eduki beharreko gizarte adostasuna lortzeko egin beharreko ahaleginarekiko borondate falta baieztatu dugu berriro ere, bileran.

Lakua, Gasteiz, 2003ko abenduak 10