Etxeko Enpleguaren Nazioarteko Eguna

ELA langileen baldintzak duintzeko eta babesteko formula juridiko eraginkorra lantzen ari da

2023/03/30
EAEn eta Nafarroan, 30.000 pertsona inguruk egiten dute lan sektore horretan, negoziazio kolektiborako eskubiderik gabe eta muturreko prekarietatea pairatzen.

Etxeko Enpleguaren Nazioarteko Egunean, ELAk iragarri du formula juridiko eta sindikal batean ari dela lanean, sektoreko ia 30.000 langileei beren lan-baldintzak duintzeko babes eraginkorra emateko.

Langile gehienak emakumezkoak dira, askotan migratuak, eta antolatzeko zailtasun handiak dituzte, bakardadean lan egiten dutelako eta enplegatzailea pertsona fisikoa delako, eta ez juridikoa. Horrez gain, batzuetan, enplegatzailearekin berarekin bizi behar dute ere.

Etxeko enpleguan gertatzen diren ez-betetzeak askotarikoak izan daitezke: kontratu bat izateari uko egitea eta ezin kotizatzea, eta horrek langabeziarako edo ezintasunerako eskubiderik ez izateak sortzen dituen ondorioak; lanaldi amaigabeak edota kontrakoa, lanaldi partzialak eta 5 enplegu behar izatea lanaldi oso batera iristeko. Kasu askotan, LGSra iristen ez diren soldatak kobratzen dituzte, gainera.

Sindikatura, laguntza eske

Langile askok ELAra jotzen dute ez-betetze puntualak salatzeko edo informazioa eskatzeko. Ez-betetze horietako askori buelta ematea lortu da. Hala ere, garbiketa-hitzarmeneko soldata zergatik ezin duten kobratu galdetu dute, edo zergatik ezin duten Etxeko Laguntzaren hitzarmeneko soldata kobratu, ematen duten zerbitzua bada.

ELA ere ez dator bat diskriminazio horrekin. Garbiketako edo zaintzako sektoreetan (egoitzetan edo etxez etxeko zerbitzuan, esaterako), ELA gai izan da langileak antolatzeko eta borrokak aktibatzeko.

Hala ere, etxeko langileek ez dute negoziazio kolektiborako eskubiderik, ez dago ordezkaritza sindikalik eta ez dago patronalik. Patronala familiak dira. Batzuetan, familiak zaintza-lana azpikontratatzeko beharrean daude, sistemak ez dituelako mendekotasun-egoera horiek doan eta modu unibertsalean bermatzen.

Erakundeek berebiziko garrantzia izan behar dute negoziazio kolektiborik gabeko sektore batean lan-baldintzak duintzeko. Horregatik, ELA hainbat formula juridiko lantzen ari da baldintza hobeak eskatzeko eta negoziazio kolektiboa erabili ahal izateko, langile horiek Langileen Estatutua baino baldintza hobeak dituzten hitzarmen kolektiboetan sar daitezen.