ELA, larunbateko manifestazioko mezuen kontra

2007/03/14
ELA ez dator bat UPNk eta CDNk larunbaterako egin duten “Fuero y libertad. Navarra no es negociable” manifestazio deialdiarekin. Areago, ELAren ustez Gobernu forala eta PP deialdiaren inguruan ematen ari diren mezuak Nafarroa eta bertako herritarren aurka doaz: “etsai arrotz” bihurtzen gaituzte euskal identitatea gure nortasun nafarraren funtsezko osagaitzat dugunok eta herritar nafarrok gure esparru instituzionala zein gure auzokoekin izan beharreko hartuemana erabakitzeko eskubidea dugula diogunok.

ELAren aburuz, "navarrismoa" berez antinafarren mozorro bat da. Inork, manifestazioa deitu dutenek salbu, mehatxupean jarri ez duen nortasun bat defenditzeko aldarri ozenaren funtsa espainolismo hutsa da, eta batez ere botere politikoa eta interes ekonomiko nahiz kontrol sozialerako tresnen amaraunari kosta ahala kosta eusteko borondatea, horixe baita "navarrismo" horren ezaugarririk nagusiena.

Nafarroako eta Nafarroari buruzko egungo eztabaidan ez da gezurrik, ez mamurik erabili behar. Herritarrok guregan eragina duten kontu instituzionalak eta politikoak era demokratikoan eztabaidatzeko eskubidea dugu, iritzi eta arrazoiak kontrajartzeko eta argudioak emateko aukera zor zaigu; finean, horrela erabakiko dugu guk geuk zer izan nahi dugun eta zein hartueman izan nahi dugun; hau ukatu egiten dute UPNk, PPk eta datorren larunbateko manifestazioa deitzen duten beste guztiek.