ELA: "Legegintzako Herri Ekimena ez onartzearen erabakia politikoa da"

2006/03/28

ELA, ESK eta STEE-EILAS sindikatuek Eusko Legebiltzarreko Mahaiak Legegintzako Herri Ekimena ez onartzea kritikatu dute gaur egurdian Bilbon eskaini duten prentsaurrekoan. Hiru sindikatuetako ordezkariek azpimarratu dutenez, LHE-a ez onartzearen arrazoia politikoa da.

Hau da hiru sindikatuetako ordezkariek irakurri duten testua.

LEGEBILTZARREKO MAHAIAK EZ DU ONARTU LEGEGINTZAKO HERRI EKIMENA (LHE)

ELA, ESK eta STEE-EILAS sindikatuontzat oso larria da Eusko Legebiltzarreko Mahaiak gure legegintzako herri ekimena izapidetzera onartu ez izana. Ezesteko erabaki horren oinarrian Legebiltzarreko Zerbizu Juridikoen txostena dago (nahitaez eskatu beharrekoa, baina ez loteslea), non honako hau esaten baita hitzez hitz: "edozein txosten juridikok kontingentzia-maila handia badu, oraingo honetan areagotu egiten da. Dena dela, eta gure eginbeharrari erantzunez, ondorio batzuk atera eta proposatzen ditugu". Txostenean izapidetzera ez onartzeko aipatu diren bi arrazoiak hauexek dira: LHEn azaltzen diren gaien arteko homogeneotasunik eza, eta legegintzaldi honetan bertan Legebiltzarrean onetsi den ez legezko proposamena 0 eta 3 urte bitarteko irakaskuntzari buruzkoa. Azken erabakia Mahaiaren esku zegoen, baina hilaren 21ean, asteartea, LHE ez onartzeko erabakia jakinarazi digu.

ELA, ESK eta STEE-EILAS sindikatuok ondoko adierazpenak egiten ditugu:

1.- Mahaiaren erabakia erabaki politiko hutsa izan da. Eta gainera, erabaki horren azpian pentsamolde jakin bat antzematen da argi eta garbi, zeinaren arabera herriak partehartze estu eta mugatua izan behar duen bizitza publikoan. Argudio subjektiboak azalduz txostenaren egileek berek azpimarratu dituztenak, zuritu nahi izan dute LHE hau bideratzeari emandako ezespena.

2.- Aurkeztu dugun LHEk homogeneotasuna eta barne-lotura nabaria du: bultzatzaileok nahi dugun gizarte-eredua oraingoa baino bidezkoagoa eta solidarioagoa, eta euskal administrazio publikoek, tankera neoliberalaren politikak ezartzean, bide bazterrean utzi nahi dutena.

3.- Sindikatuek proposaturiko eta izapidetzera onartu ez den lehenengo LHE izan da oraingo hau. Azpimarratu nahi dugu hemen Mahaiko kideek erakutsi duten malgutasun eskasa, bideratzeari uko egin diotenean. Martxoaren 17an, ostirala, hiru sindikatuok bilerak egin genituen Legebiltzarreko talde guztiekin eta Legebiltzarreko lehendakariarekin, txostenari buruz geneukan iritzia azaltzearren. Bilera guztietan adierazi genuen prest geundela LHEtik 0 eta 3 urte bitarteko irakaskuntzaren puntua kentzeko, txostenean eragozpen moduan aipatzen baitzen; baldin eta hori gabe izapidetzera onartzen bazen. Ez onartzeko erabakia jakinarazi digutenean, erabakia inolako zalantzarik gabe hartu dela esan digute; baina segurtasun hori ez da batere segurua txosten juridikoan bertan aitortzen baitzuten iritzia eztabaidagarria zela.

4.- Erabakiak ondorio politikoak ekarriko ditu, ezin bestela izan. Gizarte-ereduak ez dauka homogeneotasunik mahaikideen ustez. Osasuna, hezkuntza publikoa, etxebizitza, menpekotasunak eta abar LHEetan jaso daitezkeenik ukatu dute. Legebiltzarreko Mahaiak partehartze politikoa alderdi politikoei gordetzen die osotasunean. Hori horrela, ondo agerian geratu da zein kalitate demokratiko eskasa duen gure gizarteak, eta zein interes gutxi dagoen guk salatzen ditugun gizarte-defizitak Legebiltzarrean eztabaidatzeko.

5.- Nafarroan, EAEko LHEren guztiz antzeko beste bat aurkeztu genuen, eta han ez onartzeko jarri diguten arrazoia euskara izan da. Besteak beste, gizarte-zerbitzuak euskaraz jasotzeko eskubidea eskatzen genuen. Hemen aipatzen zen homogeneotasunik eza, han ez diote ezertan erreparatu, antza.

6.- Hiru sindikatuok apirilaren 5ean kontzentrazio bat egiteko deia egiten dugu, erabakia salatzeko. ELA, ESK eta STEE-EILAS sindikatuok elkarlanean arituko gara, agenda politikoetan LHEren eskariak jaso daitezen, eta sindikatuen eta gizarte-mugimenduen partehartzea hauteskundeetan zabaltzen den ideia hutsala baino zerbait gehiago izan dadin.