ELA: "Lopez de Gereñuk argudiorik ez duela erakutsi du"

2007/02/22
Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuak, argudiorik eman gabe, gaitzetsi du gure eskaera: Abiadura Handiko Trenari buruzko eztabaida eta herri-kontsulta egitekoa. Orain, ikusitakoa ikusita, inoiz baino sendoago dago gure jarrera.

AHTren proiektua ez da ondo moldatzen gizartearen beharrizanetara, eta beraz, geldiarazi behar dugu.
Nuria Lopez de Gereñuk ezin izan du frogatu proiektua baliagarria denik pertsonak garraiatzeko (joan-etorrien %99 eskualde-barrukoak edo elkarren ondoko eskualdeen artekoak dira), ezta salgaiak garraiatzeko ere (AHT duten herrialde guztietan sobera ikusita dute dagoeneko, hori ez dela salgaiak garraiatzeko baliabide egokia). Eta Saileko arduradunak berak ere bat datoz horrekin.

Euskal trenbide-sareari buruzko eztabaida behar-beharrezkoa dugu.
Sailburuak dio “ahitu arte” eztabaidatu duela. Norekin, baina, non eta noiz? Proiektu hori Espainiako Gobernuak erabaki zuen, eta euskal erakundeek besterik gabe onartu zuten, jendaurreko eztabaidara atera gabe. Adibide bat jartzearren: Tren Sozialaren aldeko Sareak bilera egiteko eskatu zion sailburuari, izendatu zuten garaian, eta harez gero ez du erantzunik jaso.

Sailburuak esandakoen artetik bada gauza bat egiazkoa: “Y-ak mugarria jarriko du garraioen garapen-bidean”. Horrexegatik eskatzen dugu herritarren partehartzea. Jendeak aukerak, ondorioak, ingurumen-jotzeak, kostuak... ezagutu, eztabaidatu eta erabaki behar ditu. Gure etorkizuna baldintzatuko badu, herritarrok zerbait esan beharko dugu horren inguruan.

Gai horri buruzko erreferenduma egin behar da.
Ez da egia ELAk erakunde publikoak auzitan jarri dituenik. Sailburuak demokraziaz duen ideia mugatua da erakundeak ahulduta uzten dituena, eta jendea partehartze politikotik uxatzen duena (garaian garaiko agintarien lasaitasunerako). Herritarrentzat hain garrantzitsu diren gaiei buruz gizarte-erakundeei txintik ez esateko eskatzea ez al da bitxia? Bada, hor dauzkagu, besteak beste, AHT eta zerga-erreforma.

ELAk behin eta berriro eskatu duena demokrazia zabaltzea izan da, eraginpean hartuko gaituzten erabakietan hizpide eta hautespide izan dezagun herritarrok eta gizarte-erakundeok.

Confebask, lehengo lepotik burua
Confebask-en erantzuna ez da inorentzat harrigarria izan. Makro-proiektu horretatik diru-mordo itzela xurgatzeko asmoa dutenek zer esango dute, bada. Enpresaburuen lobby horrek ez badu beste helbururik emaitza-kontuak nola gizendu begiratzea baino. Denon onerako izango dela diote...; bai, batez ere, gure zergetatik egundoko diru-andanak jasoko dituzten sakel pribatuen onerako.

Indarkeria, berriz ere, aitzakia.
ELAk bere kritikak azaldu dituenean, eta proiektua geldiarazteko eta sakonean aztertzeko bere eskaria plazaratu duenean, modu ezin demokratikoagoan egin du. Ez dugu onartuko, beraz, biolentziazko jokabideekin nahastu nahi izatea, ezta ustezko mehatxuez baliatzea ere, herriari dagokion eztabaida kentzeko, edo ondo bideraturiko kritikak besterik gabe indargabetzeko.