ELA Mendexa eta Amorotoko alkateekin bilduko da Osakidetzak bi udalerrietan osasun zerbitzua bertan behera utz ez dezan

2021/05/11
Osakidetzak Amoroton eta Mendexan gaur egun ematen dituen osasun zerbitzuak kentzea saihesteko ELAk egindako borrokaren baitan, sindikatua bi herrietako alkateekin bilerak egiten ari da. Erakundeen inplikazioa lortzea da helburua, osasun publikoa bezalako zerbitzu oinarrizkoaren murrizketa berri bat eragozteko. Erabakia hartzen bada, udalerri horietako bizilagunek ez ezik, inguruko Osakidetzako gainerako profesionalek ere jasango dute erabakia; izan ere, une honetan duten lan-gainkargari Amoroto eta Mendexako bizilagunak artatu beharra gehituko zaio, haien sakabanatze geografikoa arazo gehigarri bat baita.

ELAk lehen bilera egin zuen Mendexako alkatearekin joan den ostiralean, maiatzaren 7an. Bilera horretatik bi ondorio atera ditu sindikatuak: alde batetik, Osakidetzak erantzukizuna bere langileengan jartzen duela, orain arazo gisa planteatzen baitute medikuek ez dutela plazarik hartu nahi horrelako herrietan; eta, bestetik, herriarentzat kezka handia dela, eta behar adina pauso emango dituela Mendexa osasun-zerbitzurik gabe gera ez dadin.

ELArentzat ez da harrigarria izan Osakidetzak arazoa langileengan jartzea, eta uste du albiste ona dela Mendexako Udala ere lanean hasiko dela kontsultategia bizirik mantentzeko, azken finean, udalerriaren etorkizuna baitago jokoan.

Oso arazo larria da Osakidetzak horrelako tratua ematea langileei, eta kasu honetan medikuei. ELA aspalditik salatzen ari da langile guztiek duten lan-gainkarga. Hori Osakidetzaren egiturazko arazo bat da, eta COVID-19k sortutako pandemiarekin, argitara atera da eta larriagotu egin da. Horrez gain, aldi baterako kontratuen tasa handia da (gaur egun, % 58), eta horrek ezegonkortasun eta txandakatze handia dakar.

Osakidetzak arazo larriak ditu. Medikuen plantillari dagokionez, kasu honetan medikuen lanpostua baliogabetzen delako, kategoria eta zerbitzu guztietan baliabide pertsonal falta ikaragarria dago, eta arazo hori konpontzen ez bada, hartzen diren neurri guztiak larriagotzeko izango dira.

Sindikatuak Osakidetzari eskatzen dio har dezala behingoz erabakia, plantilla osoa behar bezala dimentsionatzeko, eta jar ditzala behar adina baliabide pertsonal eta material, eta ez dezala jar ematen den zerbitzuaren erantzukizuna langileengan.