ELA Metala Babcock Borsig gatazkaren aurrean

2005/05/08

Babcock Borsig-ek irauteko dituen zailtasunak gero eta gehiago direla ikusita, ELAren Metal Federazioak adierazpen hauek egiten ditu:

Babcock Borsig-ek jasaten duen egoera SEPIren, azken finean Espainiako Gobernuaren erabakiaren ondoriozkoa da, deslotu nahi baitu enpresa bere baitatik, eta bereizte horrek hondamena ekarriko dio enpresari.

Gure susmoa zera da SEPIk eta ATB-AEEk sinatu duten akordio horretan pausoz pauso ixteko konpromisoak eta kontrapartidak jaso dira.

Horren arabera, ATB-AEEk arinduko die Espainiako Gobernuari eta SEPIri enpresa ixteagatik sortuko den erantzun sozial eta politikoaren pisu itzela. Izan ere, Babcock Borsig España enpresan 425 enplegu galduko lirateke zuzenean, eta zeharka beste hainbat menpeko sozietateetan eta eskualdeko inguruko enpresetan.

Kontrapartidan, Austriako AEE taldeak diru-laguntza ugariak jasoko ditu, 165 milioi euro ingurukoak, 2006. urtera arte, orduan amaituko baitira guztiz SEPIren erantzukizunak. Diru-laguntza horiez gain, aktiboen, instalazioen eta lursailen balioa gehitu behar ditugu, horiek guztiak AEEren jabetzan geratuko dira jarduera amaitutakoan, eta 100 milioi euro baino gehiago balio dute.

AEEren eginkizuna, bitartean, itxaropenak piztea izango da, eta langileen protestak isilaraztea, eta horrela jarraituko dute luzamendutan 2006ko urrira arte, hortik aurrera SEPI erabat askatuta geratuko baita.

Egoera hori ikusita, ELAren Metal Federazioak bat egiten du Babcockeko langile askok egindako adierazpenekin eta geroari begira eskakizun hauek egiten ditu:

  • SEPIren eta ATBren arteko akordioa haustea eta estatu-sozietateak jabetza berreskuratzea, ez baitira konpromiso formalak bete, ez baita lan-karga ziurtatu (kontratuak eta eskaerak), ez baita teknologia transferitu, eta abalen bidezko diru-ekarpena ez da egin, sor daitezkeen kontratuak gauzatu ahal izateko. Akordioa hautsiz gero, ATB-AEE taldea atoan atera beharko zen enpresatik.
  • Sozietate berri bat eratzea, non akzioen %51 kontrol publikoaren esku Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza- geratuko lirateke, eta gainerako %49 industria-inbertsiogile kaudimendunen esku. Horrela, baliabide publikoen amaiera ona bermatuko litzateke, eta enpresaren ondasun eta lursailekin espekulatzea saihestuko litzateke.
  • Espainiako Gobernuak epe luzerako konpromisoa hartzea, enpresa saltzeko hartu zuen erabakiaren erantzukizunak bere gain hartuz, eta salmentaren ondorio lazkarriak zuzenduz.
  • Eusko Jaurlaritzak, adierazpen hutsalak jendaurrean egin beharrean, benetako apustua egitea industria-jardueraren alde, eta aipaturiko irtenbideen tankerako baten bat gauzatzeko negoziazioak eta harremanak bultzatzea.

Bestalde, azken asteotan sortu den gatazka egoera dela-eta, ELA-Metalak bere jarrera argi eta garbi agertu nahi du.

Langileek hasitako grebaren azken zergatia langile bat inolako arrazoirik gabe kaleratzea izan da. Hala ere, enpresako kudeatzaileez nazkatuta egotearen azken tanta besterik ez da izan. Horregatik, kaleratutako langilea berronartzeaz gain, langileek ATBtik akziodunak ateratzeko eskatzen dute.

Kudeatzaile horiek bertan egotea probokazioa da, gero eta argiago ikusten baita beren helburua zein den: enpresa ixtea, suspertu beharrean.

Zuzendaritzak iragarri duen lock-outa greba-eskubidea arautzen duen legean jasotzen da, eta ez dakarkie grebalariei beste inolako ondoriorik. Halatan, langileek greba amaitutzat ematen dutenean, lock-outa ere berez amaituko da.

Horregatik uste dugu ez dela ibili behar bazterrak nahasten, zeren orduan funtsezko arazoa erdi-erdian egon beharrean beste sasi-arazoen atzean geratuko da.

Azkenik, Zuzendaritzaren zurikeriak salatzen ditugu jendaurrean; izan ere, Austriako talde hori enpresan urtebetea eman ondoren, orain teknologia transferitzeko eta lan-karga hartzeko ezintasunaren errua grebari bota diote. Adierazpen horiek ez ditu inork sinestuko. Beren asmoa, jarduerarik gabe utziz, enpresa apurka-apurka ito eta ixtea da, eta gainera, lasai-lasai eta bake-giroan.