Unai Martinez, metalgintza federazioko idazkari nagusi berraukeratua
Agerikoa da krisia gogor astintzen ari dela metaleko langileak. Horregatik, esanguratsua da oso kongresurako hautatu duten leloa: Borrokaz gurean tinko.
Goiz partean egindako hitzaldian, federazioko idazkari nagusi Unai Martinezek goiburu horren zergatia azaldu du bere txostenaren aurkezpenean. “Krisiek beldurra eragiten dute jendearengan. Lana galtzeko beldurra, hipoteka ordaintzen duen soldata galtzeko beldurra, azken batean, bizi izateko beldurra. Patronalaren tresna da beldurra, horretaz baliatzen da. Azken finen, langileak diziplinatu nahi ditu beldurraren bidez. Gure jendeari, langile-jendeari, oso bestelako mezua helarazi behar diogu: konpromiso kolektiboak hartu eta borrokatzen bada, beldurra gainditzeko modukoa da”.
Borroka hori irabazteko bada oinarrizkoa den elementu bat: militanteak. Martinezek azpimarratu duenez, gure eredu sindikalak ez du etorkizunik langileen babesik gabe. “Langileak ELAren proiektura erakarri behar ditugu, eta oinarrizko antolakundeak partaidetza-gune eta eztabaida-gune bihurtu. Batzuk aski dute boligrafo batekin sindikalgintza egiteko; guk ez, guk jendea behar dugu”.
ELA-Metaleko idazkari nagusiaren ustez hiru dira federazioko langile askok bizi duten egoera gogor honi erantzuteko oinarrizkoak diren elementuak: gogoa, indarra eta ilusioa. “Enpresak, irabaziak egin arren, egoeraz baliatzen dira langileak estutzen jarraitzeko. Abagune honetan helburu bakar bat dute: krisialditik lan-kostuak murrizturik ateratzea, hazkunde garaian izan dituzten irabazi itzelak mantentzeko. Guk, ordea, oso bestelako helburu eta erronkak ditugu: enplegu-mailari eustea, dauden plantak iraunaraztea eta negoziazio kolektiboan aurrerapausoak ematea”.
Unai Martinezek nabarmendu duenez ELA-Metala sasoi betean heltzen da kongresura. “Hazi egin gara, bai ordezkaritzan eta bai afiliazioan. Euskal Autonomia Erkidegoan %41etik gorako ordezkaritza dugu, eta Nafarroan %24,40an gaude. Horregatik, oso garrantzitsua da azaroaren 19an dugun hitzordua. Argi daukagu: egungo egoera iraultzeko modu bakarra mobilizazioa da”.
Bere aldetik, Adolfo Muñoz “Txiki”k gogoratu patronala lan erreformaz mintzo denean bere helburu nagusia ez dela kaleratzearen merkatzea, lan merkatuaren desregulazioa baino.
Muñozen esanetan, estrategia honetan kokatu behar da, adibidez, ETTak eraikuntza eta herri administrazioetan erabiltzeko baimena. “Zer zor diete sindikatuek horraino iristeko?”.