ARRAZAKERIAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNA
ELA mobilizatu da Irun eta Hendaia arteko mugan arraza diskriminazioaren amaiera aldarrikatzeko

ELAk ehunka militante batu ditu gaur Irun eta Hendaia arteko Santiago zubian amaitu den mobilizazioan. Bertan, ELAko ordezkari sindikalak diren dozenaka migratuek parte hartu dute, eta sindikatuak berretsi du arrazakeriaren eta prekaritatearen aurkako borrokaren aldeko konpromisoa.
Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak azpimarratu duenez, "arrazakeriaren aurkako borroka eta prekaritatearen aurkako borroka uztartu behar dira, funtsean borroka bera direlako". Ildo horretan, gogorarazi du “Euskal Herrian pobrezia bost aldiz handiagoa dela migratuen artean gainerako herritarrekin alderatuta. Horrek bide bat erakusten digu: sindikatuak beti egon behar du gehien behar duten pertsonekin".
Mobilizazioa Ficoba erakustazokan (Irun) hasi da, ELAk Kontseilu Nazionala egin baitu bertan. Biharko Arrazakeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, sindikatuak Iker Barbero EHUko irakaslearen hitzaldia jaso du, migrazioetan aditua eta gaiari buruzko hainbat lanen egilearena, hala nola ‘Atzerritarren atxiloketa, barneratze eta kanporatzearen aurrean oinarrizko eskubideen defentsa’ edo ‘Atzerritartasun eskubidea eta horrek migrazio transnazionalismoan duen eragina’, besteak beste.