Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS)
ELA mobilizatuko da Euskal Herrian bertan erabaki dadin LGS berri bat aberastasunaren banaketa bermatzeko
ELAk Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS) berri baten aldeko proposamena azalduko du Bilboko La Casilla kiroldegian. LGS kalkulatzeko formula berriaren xedea da Hego Euskal Herrian sortzen den aberastasuna benetan banatzea. Horren berri eman dute gaur Bilbon Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak eta Roser Espelt Azterketa Bulegoko kideak. “La Casillan hasiera emango diogu ekimen garrantzitsu bati: LGS berri bat finkatzea, justizia soziala benetan areagotzeko eta Hego Euskal Herrian erabakiko dena. 2025ean aurrera eramango dugun soberanismo sozialaren aldeko apustua izango da”, ziurtatu du Lakuntzak. LGS berri hori bide ezberdinetatik ezartzeko aukera dago. Horietako bat da Lanbidearteko Akordioa (sindikatu eta patronalen artekoa). ELA ados dago presio egin behar zaiela horretarako Confebask eta CEN patronalei, baina biderik egokiena da Herritar Ekimen Legegile (HEL) bat bultzatzea; ELAk 2025. urtean jarriko du martxan.
ELAk proposatu du LGS finkatzeko alboratu behar dela soldaten arteko konparazioaren erreferentzia, eta horren ordez lehenesten du aintzat hartzea per capita BPG. Horretarako arrazoiak azaltzen dira gaur aurkeztutako dokumentuan: ‘Gutxieneko soldata Euskal Herrian finkatzeko irizpideak’. Roser Espeltek esan duenez, “LGSaren zenbatekoa kalkulatzerakoan erabiliko ditugun adierazleek herrialdeko errenta guztiaren banaketa hobetuko dute; ez gara mugatuko, orain arte egin den moduan, irizpidetzat soldatak hartzera”. Gogora dezagun Eskubide Sozialen Europako Kartak gomendatzen duela LGS gutxienez izan behar duela herrialde bakoitzeko batez besteko soldataren %60; beraz, soilik langileen soldatak hartzen dira kontuan, eta ez enpresen etekinak zein beste baliabide batzuk. Ondorioz, aberastasunaren sorkuntza kolektiboa banatzerakoan, faktore horiek ez dira aintzat hartzen LGS kalkulatzerakoan.
ELAk nahi duena da kalkulurako per capita BPG nominala baliatzea: horrela, soldatapeko langile bakoitzak gutxienez jasoko du gizarte guztiak sortutako balioaren portzentaje bat. Hain zuzen ere, produktibitatearen hazkundea eta enpresen etekinak ere kontuan hartuko dira kalkulu hori egiterakoan, orain arte ez bezala. Zehazki, ELAk proposatu du per capita BPG nominalaren %65 izan dadila LGS. Beraz, Hego Euskal Herrian 2024rako 1.795 euro gordineko 14 ordainsari dira (hots, Belgikaren edo Alemaniakoaren parekoa). Hau da, enplegua duen langileek bermatuta izango dute gutxienez sortutako aberastasunaren bi heren jasotzea. Zenbateko hori ordainsari nahikoa litzateke, eta ekonomia nazionalak -Hego Euskal Herrikoak- sortzen duen aberastasunaren araberakoa izango da.
Jakina denez, egungo LGSren zenbatekoa sei urtean %54 handitu da (1.134 euro gordineko 14 ordainsaritan), baina ez du urrundik ere bizimodu duina ziurtatzen. Eusko Jaurlaritzak egin duen Pobreziari eta Desberdintasun Sozialen inguruko azken inkestak (2022) dioenez, pertsona baten ongizatea ezin da bermatu hilean 1.654 euro gordin baino gutxiago irabazita. Haatik, Espainiako LGS askoz apalagoa da. Horrenbestez, ELAren proposamenak badu beste berritasun bat: zenbatekoa Hego Euskal Herrian finkatuko da, eta bertan ia 300.000 langileren egoera berehala eta benetan hobetuko du. Horrek beste eragin positibo bat ere izango du: batez ere prekarioenen onerako izango da, hots, gehienbat emakume, migratzaile eta gazteentzat, eta batik bat zerbitzuen sektorekoentzat. Horrela, generoak eragindako soldata arrakala gutxituko da (gizon eta emakumeen arteko arrakala Hego Euskal Herrian % 22koa da), baita migratzaile eta berton jaiotakoen artean dagoena ere (% 44koa da Gipuzkoako datuen arabera, ezagutzera eman diren bakarrak).
“Aurrerapauso oso handia litzateke burujabetzari begira -nabarmendu du Lakuntzak-, eta eduki soziala izango luke, ehunda milaka lagunen onerako bailitzateke, gure herriko zaurgarrienen onerako. Negoziazio kolektiboarekin gertatzen den bezala, Euskal Herrian eskuduntzak ditugunean lan baldintzak ere hobetzen dira”.
LGS berri hori ezartzeko bidea HEL bat izango da; sindikatuak datozen hileetan erregistratuko du eta 2025ean iritsiko da Gasteizko eta Iruñeko parlamentuetara, legedia aldatu eta (behin Kongresuak onartutakoan) autonomia erkidego bakoitzak bere LGS finka dezan, beti ere estatuko zenbatekoa hobetzen badu. “Patronala eta alderdi politikoak interpelatu nahi ditugu; HELa horretarako da, baita langileria aktibatzeko ere; prozesu horrek aukera emango digu milaka lagunekin egoteko eta bertako LGS baten beharra sozializatzeko, justizia handiagoa bermatuko duena. Horrela -gaineratu du Lakuntzak-, Gasteizko eta Iruñeko parlamentuetan eztabaida politikoari bide eman ahal zaio; bide batez, ikusiko dugu nortzuk dauden eskuduntzak eta burujabetza areagotzearen alde eta nortzuk ez”
ELAk egin duen analisi juridikoak bide hori lehenesten du; beraz, behar den bakarra borondate sindikal eta politikoa da Hego Euskal Herriko LGS bat lortzeko, zeinaren oinarria euskal errealitate sozioekonomikoa izango den, eta gurean sortzen den aberastasuna benetan eta berdintasun handiagoz bana dadin.