Nafarroako aurrekontuen murrizketaren aurka

2010/09/10
Nafarroako Gobernuak 2011ko aurrekontuak egiteko jarraitu nahi duen ildoa jakinarazi du, 2010eko aurrekontuarekiko %5,1eko murrizketa emango dela iragarriz.

ELA Sindikatuarentzat, aurrekontuen murrizketa honek ondorengoak suposatzen ditu:

 

  • Elkartasun sozialeko politikei uko egitea- 2011ko Nafarroako Gobernuaren aurrekontua murrizteak osasun-publikoan, hezkuntzan, etxebizitzan, gizarte-zerbitzuetan eta pobreziaren aurkako borrokan eragina izanen du.
  • Langabezia handitu- Aurrekontuen murrizketek enplegu gutxiago suposatzen dute, nahiz sektore publikoan nola pribatuan, Europar Batasuneko bataz besteko mailaren gainetik dagoen langabezia haziz.
  • Krisia areagotu- Sektore pribatua krisian dagoen heinean, sektore publikoa izan beharko litzateke ekonomiaren eta gizarte-garapenaren motore. Aurrekontua murriztea kontrako norabidean doa, krisia areagotuz.
  • Aurrekontu gaietan autogobernuari uko egitea- Nafarroako Gobernua bere borondatez atxikitu da Politika Fiskalaren eta Finantzieroaren Kontseiluak  defizita %1,3ra mugatzeko hartutako erabakira, aurrekontuak egiteko gaitasuna alde batera utziz. Espainiako parte izateko borondate politikoa langabezia eta gizartearen babesik ezaren gainetik jartzen dute.

 

ELArentzat gaitzesgarria da Nafarroako Gobernuak aurrekontuak murrizten dituenean ere propaganda egin nahi izatea, izan ere, murrizketa hauek zertan egingo diren esan beharrean, gastuaren lehentasunak zein diren harrotasunez agertzen dituzte.

 

Testuinguru honetan, ELA Sindikatuak Nafarroako Gobernuari dei egiten dio politika fiskalak eta aurrekontuen politikak aldatzeko, gastu publikoa handituz eta gizarte prestazioetako hornidura areagotuz. Era honetan, osasun publikoa, hezkuntza, gizarte zerbitzuak eta etxebizitza bezalako arloetan ekonomikoki aurreratuenak dauden herrialdeen pare izateko. Honek guztiak fiskaltasun politiketan aldaketak ematea beharrezkoa du, fiskaltasuna justuagoa eta progresiboagoa egiteko, aberastasunaren banaketan lagunduz.