ELA Nafarroako gobernuak egindako murrizketen aurka

2011/09/28
UPNren eta PSNren Gobernuak 294,3 milioi eurotako murrizketa iragarri du Zapateroren Gobernuarekin “adostutako” gehieneko %1,3ko defizitaren muga bete ahal izateko, fiskaltasunean taxuzko aldaketarik egin gabe.

Gainera, Barcinaren Gobernuak oraindik ez du argitu 294,3 milioi orietako 103,66 milioi nondik eta nola murriztuko dituen.

Erabaki hauen aurrean, ELAk ondorio hauek atera ditu:

·        Nafarroako Gobernua autogobernua alde batera uzten ari da Madrilen erabakitako gehieneko defizita ezartzean.

·        Murrizketa honek aurrekontuetan aurreikusitakoa baino %7,6 gutxiago gastatzea suposatzen du, BPGd-aren %1,5 gutxiago, alegia.

·        UPNk eta PSNk ezartzen duten murrizketa politikak, sektore publikoa ahultzea dakar, eta honek, langabezia gehiago, prekarietate gehiago eta, ondorioz, bizi kalitatearen okertzea dakar.

·        Gaitzesgarria da erabaki hauek hartzerako garaian dagoen gardentasun eta zentzu demokratiko falta, ez baitago inongo partaidetza sozialik, eta gainera, ez da esan non emango diren 103,66 milioi eurotako murrizketak.

Azken urteetan aurrekontuetan murrizketak egiteko ematen den politikak, gizartearentzako eta ekonomiarentzako oso kaltegarria dela argi utzi du. Honenbestez, ez du inolako zentzurik ekonomiaren moteltzea eta enplegu suntsiketan dakartzaten politiketan sakontzea.

ELAk fiskaltasunaren inguruan eztabaida soziala aldarrikatzen du, murrizketak ez baitira krisi honen aterabidea.

Beste behin ere, ELAk gastu soziala eta presio fiskala handitzeko proposamena egiten du, aberatsenei, kapitalari eta enpresei zergak jaistea suposatu duten azken urteetan egindako aldaketa fiskalak atzera botaz, eta iruzur fiskalaren aurka borroka eginaz, soldatapekoak ez diren errenta guztiak preskripzio garaian ikuskatuz.