ELAk 2009. urterako Osalanen kudeaketa ez du onartu

2009/03/25
Osalaneko Kontseilu Orokorreko bileran ELAk 2008ko Memoriaren eta 2009 Kudeaketa Planaren aurka bozkatu du.

Osalanen jarrera 2008. urtean zehar eskasa izan da, argi eta garbi; ez du lan-ezbeharren kopurua gutxitzera eramango gaituen inolako neurririk hartu. Horren ondorioz, lan-ezbeharren kopurua ez zen gutxitu. Euskal Autonomia Erkidegoan 88 langile hil ziren, eta beste asko izan ziren gaixotasun profesionalen ondorioz gaixotu zirenak.

Hau guztia 2007-2010 urteetarako prestatutako Segurtasun eta Osasun Plan Estrategikoaren baitan kokatzen da. ELAk plan honen aurkako jarrera azaldu zuen hasieratik, bere helburu orokorrak urriak eta anbizio gabeak direlako; gainera, ez du suposatzen segurtasunaren eta lan osasunaren inguruko politiken inolako aurrerapausorik eta aldaketarik.

Laneko ezbehar-kopurua egiturazko arazoa da. Osalanen datuek eurek erakusten dute prekarietateak (azpi-kontratazioak, behin-behinekotasunak, prestakuntza falta…) ezbehar gehiago egotea eragiten dituela.

2009. urterako Kudeaketa Plana aurreko urteetan aurkeztutakoen kopia hutsa besterik ez da. Azken urteetan egoerak hobetu ez badu, gaur aurkeztutako planak ere ez du inolako aurrerapausorik suposatzen.

Eusko Jaurlaritzaren politika arlo honetan enpresek sistematikoki egiten dituzten ez betetzeen konplize da. Patronala lasai asko egon liteke plan honen aurrean. Izan ere, enpresen irabaziak langileen segurtasunaren eta osasunaren goitik lehenesten jarraitzeko aukera emango die.