ELA ordezkaritza batek Brasilgo CUT sindikatuaren Kongresuan parte hartu du

2015/10/15
ELA ordezkaritza batek Brasilgo CUT sindikatuaren Kongresuan parte hartu du
ELAko ordezkaritza bat parte hartzen ari da joan den asteartetik hona Brasilgo Central Única dos Trabalhadores (CUT) sindikatuaren XII kongresuan. Bertan 2.400 delegatu eta 70 herrialdetako 200dik gora gonbidatu bilduta daude. Biltzarraren goiburua “Hezkuntza, lana eta demokrazia: eskubideak zabaldu egiten dira, ez murriztu”.

Lehen egunean nazioarteko mintegi bat izan zen, bi gairen inguruan: aberastasunaren pilatzea eta 2008an hasi zen krisia dela eta eskubideei zein demokraziari egiten zaizkion erasoak. Enpresa transnazionalek hautatu duten produkzio-eredua aztertu zen, zeinak lan prekarioa eta eskubide gero eta malguagoak ezartzen dituen, baita neoliberalismoak agintzen dituen austeritate politikak ere; hauen ondorioz milioika pertsona lanik gabe geratzen ari da mundu guztian. Nazioarteko ordezkariekin batera mintegian sindikatu brasildarreko hainbat ordezkarik ere parte hartu zuen.

Mintegia amaituta, kongresuari ekin zitzaion; hau ostiralean amaituko da, eta lehenengo aldiz CUTek zuzendaritza parekidea hautatuko du.