ELA Osasunbideko medikuen esklusibotasuna kentzearen aurka agertu da

2023/01/17
Neurri horrek Osasunbidearen pribatizazioan eta zerbitzu publikoaren ahultzean sakontzea ekarriko luke. ELAk uste du beharrezkoa dela Osasunbidean inbertsioa handitzea, eta kritikatu du onartu berri diren Nafarroako aurrekontuak ez direla nahikoak.

Lehenik eta behin, ELAk Osasunbideko plantillaren lan-baldintzak salatu nahi ditu, egungo lan-kargarako nahikoa ez den plantillak markatutako baldintzak. Behin-behinekotasun onartezinak egoera okertzen du gainera, medikuek ere pairatzen duten egoera.

Hala ere, ELAk uste du esklusibotasuna ezabatzeko aldarrikapenak ez duela laguntzen Osasunbidean dauden hutsuneak zuzentzen, kontrakoa baizik. Osasunbidearen pribatizazioan eta zerbitzu publikoaren ahultzean sakontzea ekarriko luke. Esklusibotasuna ezabatzea Medikuen Sindikatuaren aldarrikapenetako bat da. Sindikatu hori ez zen inoiz UPNk eta PSNk egindako murrizketen aurka agertu (besteak beste, sukaldeen pribatizazioa), eta azken mobilizazioetan euskara baldintza gisa ezabatzea eskatzen zuen. Testuinguru horretan, ELAk kezkaz ikusten du Osasunbideko Zuzendaritzak lehen eta bigarren mailako langileak bereizten dituela, hortik soilik ulertzen baitira Medikuen Sindikatuari egiten ari zaizkion proposamenak.

ELAren ustez, beharrezkoa da Osasunbidean inbertsioa handitzea (urtean 400 milioi gehiago inbertitu beharko lirateke osasunean, Europako batez bestekoa berdintzeko). Hala ere, PSNk, Geroa Baik, Ahal Duguk, EH Bilduk eta Izquierda-Ezkerrak Parlamentuan onartutako aurrekontuak ez dira nahikoak. Nafarroako zazpi aurrekontu onartu dira dagoeneko UPNren irteeratik, baina osasun publikoaren narriadurak gora egiten jarraitzen du. Osasunbidera bideratutako inbertsio eskasa agerikoa da, besteak beste, itxaron-zerrenden datuekin: egoera kezkagarria da, osasun pribatuak Nafarroan lekua hartzen duen bitartean (azken bost urteetan 20.000 pertsona gehiagok dute aseguru mediko pribatu bat Nafarroan).

Osasun publikoa hobetzeko, ELAk proposatu du, besteak beste, gastua Europar Batasuneko batez bestekoarekin parekatzea, sare publikoa sustatzea itunak murriztuz eta estaldurak handituz, lehen mailako arreta bultzatzea, plantilla handitzea eta behin-behinekotasunarekin amaitzea.