ELA, oso kritikoa inmigranteen erregularizazio prozesuarekin

2005/02/15

"PPren atzerritartasun legearen garapena besterik ez da

Otsailaren 7an hasi zen inmigranteen erregularizazio prozesua salatu du ELAk prentsaurrekoan, nahikoa ez delako, zehaztugabea delako eta espainiar administrazioarentzat pertsona hauek eskulana besterik ez izateaz gain prozesuak ez duelako jasaten duten esplotazioa zuzenduko. Euskal Herrian lanean diharduten pertsona guztien eskubideak aintzatestea eskatzen du ELAk, bakoitzaren jatorria zein den kontutan hartu gabe.

Komunikabideen aurrean agertzerakoan, sindikatuko gizarte eta inmigrazio alorreko arduradun diren, Alazne Alonso, Mikel Noval eta Emérita Cuéllarrek, "atzerriko langileen normalizazio prozesua" PPren atzerritartasun legearen garapena besterik ez dela salatu dute. Ondorioz Europako Batasunetik kanpokoak diren pertsona askoren benetako eskubideak ez dira aintzatesten.

ELArentzat abian jarri den prozesua ez da nahikoa eta "prozesutik at jende asko geratuko da". Hego Euskal Herrian paperik gabeko 26.000 inmigrante inguru egon daitezke, "halere lehen astean Gipuzkoan eta Bizkaiak 150 espediente baino gutxiago bideratu dira", aipatu du Emérita Cuéllarrek. Betekizunak egunetik egunera aldatzen doaz eta baimena lortu arren ez da behin-betiko soluzioa bakarrik urte baterako baimena delako.

Mikel Novalek aipatu du "inmigrazio politika hau EBeko politika neoliberalen emaitza dela"; hauek orokortu den laneko esplotazioa errazten dute, (imigranteen %42,5 egoera irregularrean dago, asteko 40 ordutik gora lan eginez, euren lankideek baino soldata askoz bajuagoak jasotzen). Europako konstituzio itunak europar hiritartasunik gabekoantzat laneko eskubideak eta eskubide sozialak desagerpena ekarriko du.