ELA prest dago EAEko negoziazio kolektiboa babesteko lanbidearteko akordio bat negoziatzeko, betiere ekintza sindikalari eta gatazkari dagokienez debekurik ezartzen ez badu

2016/11/23
ELAk maiz egiaztatu izan du Confebaskek baliatu egin dituela erreformek eman dizkioten abantailak, zentralizazioaren mehatxua eta ultraaktibitatearen amaiera lan-hitzarmenen negoziazioan xantaia egiteko. Horietxek, besterik ez, dira negoziazio kolektiboa blokeatuta egotearen zergatiak.

2011n Zapateroren erreforma egin zenetik, ELAk betidanik aldarrikatu izan du Lanbidearteko Akordio baten beharra, euskal hitzarmenek espainiarrekiko lehentasuna izan zezaten.

Erreforma haren ostean ELAk bilerak egin zituen Confebaskekin, eta beronek hitza eman zuen horrelako akordio baterako proposamen bat igorriko zigula. Aldiz, hilabete batzuk igarota izan zen bilera batean patronalak esan zigun kontsultatu zituela bere lurralde-antolakundeak, eta hauek, euskal hitzarmenak aplikatzeko lehentasunarekin batera, ziurtatu egin nahi zutela enpresetan ez zela gatazkarik izango; hots, sindikatuok “bake soziala” emango geniela. ELAk erantzun zuen halakorik ez zuela inoiz egingo.

2013an, Rajoyren erreforman ezarritako ultraaktibitatea iraungitzear zelarik, Urkulluk eta Aburto sailburuak Lanbidearteko Akordioa iristeko saioa egin zuten. Elkarrizketa haietan ELAk ez zuen parte hartu, izan ere, erabaki baikenuen Confebasken iritzia ez zela aldatu. Confebaskek urte hartako uztailaren 5ean aurkeztu zuen agirian honakoa irakur daiteke: negoziazio-eremu berriak irekitzea, baita galdu izan zitezkeen eremuena ere, inola ere ez da gatazkagai izango...”. Beraz. Confebaskek 2011ko eskariari eutsi zion. Akordioa orduan ere ezinezkoa izan zen.

Zein da oraingo nobedadea? Ostalaritzako Akordio Markoa lortzeko negoziazio-mahaian dagoen Confebaskeko ordezkari batek esan zuenez, patronala prest omen dago Lanbidearteko Akordio bat negoziatzeko, ELAk bultzatu zuen eta EAEko Merkataritzan indarrean dagoen akordioaren eduki berarekin: hitzarmenak babesteko akordioa, “bake sozial”eko klausularik gabe.

Confebasken jarrera hau dela eta, ELAk komunikatu batean galdetu zion ea baztertu egin duen bere exijentzia: enpresa eta sektoreetan ekintza sindikala eta gatazka galaraztea. Ez dugu erantzun ofizialik izan.

Noski, ELAk ohartarazi nahi du Confebasken helburua 2011 eta 2013ko berbera bada, ez duela patronalarekin inolako akordiorik negoziatuko.

ELAk maiz egiaztatu izan du Confebaskek baliatu egin dituela erreformek eman dizkioten abantailak, zentralizazioaren mehatxua eta ultraaktibitatearen amaiera lan-hitzarmenen negoziazioan xantaia egiteko. Horietxek, besterik ez, dira negoziazio kolektiboa blokeatuta egotearen zergatiak.

Horrenbestez, ELAk agerian utzi nahi du gurean negoziazio kolektiboa oso badaezpadako egoeran dagoela. Espainiar arauek -zeinak ez dituzten zalantzan jarri ez Eusko Jaurlaritzak, ezta EAJk ere- ezartzen dute, patronalaren eta soldata jaitsieraren mesedetan, euskal hitzarmen edo akordio batek eta espainiar batek talka egiten badute lehentasunez azken hori aplikatuko dela.