ELA, Satse, LAB, SME, CCOO eta UGT ez dira berriro mahai sektorialera joko benetako negoziaziorik ez dagoen bitartean

2022/10/26
Osakidetzako sindikatuek iragarri dute ez direla bihar, urriak 27, egingo den mahai sektorialera joango, Euskal Osasun Zerbitzuaren jarrera inposatzailea eta negoziatzeko jarrera falta ikusita.

Bestalde, sindikatuek negoziatzeko borondatea berretsi nahi dute, eta, horregatik, iragarri dute Euskal Osasun Zerbitzuari dei egingo diotela Lan Harremanen Kontseiluan bilera bat egiteko: "Negoziazio-foroa aldatu nahi dugu, egungo blokeoa gainditu eta Euskal Osasun Publikoaren lan-harremanetan aro berri bat has dezakegun ikusteko", adierazi dute.
Sindikatuek kritikatu dute Osakidetza Mahaira gaiak ekartzera mugatzen dela, espedientea betetzeko helburu bakarrarekin: “Azken mahai sektorialetik altxatu ginen edukirik ezagatik. Orain, gai-zerrendarekin deitzen gaituzte berriro, baina ez du planteatzen proposatutako gaien benetako negoziaziorik, eta ez ditu sartzen sindikatuek eskatutako gaiak”.
Mahai Sektorialean jorratu beharreko gaien artean egonkortzeko LEP berria dago, eta horren negoziazioa opakutasunez beteta egon da. “Sindikatuok komunikabideen bidez jakin dugu zenbat plaza dauden, eta prozesuari buruzko informazioa behin eta berriz eskatu dugu. Hala ere, oraindik ez dugu erantzunik jaso”, salatu dute.
Aztertu beharreko beste gaietako bat profesionalen garapen profesionalerako eredu berria da. Sindikatuek salatu dutenez, Osakidetzak uko egiten dio egungoa hobetuko duen sistema berri bat negoziatzeari, eta plantillarentzat murrizketa berri bat ekarriko duen zirriborro bat proposatu du.
“Negoziatzeko borondatea berretsi nahi dugu. Baina, horretarako, beharrezkoa da Mahai Sektorialari edukiak ematea, negoziazioan joko-arauak errespetatzea eta Osakidetzak bere jarrera inposatzaile eta antidemokratikoa alde batera uztea”, bukatzen dute.