ELA sindikatuak garraioaren arazo nagusiak jorratzen dituen legez besteko proposamena erregistratu du Eusko Legebiltzarrean

2017/07/10
Uztailaren 10ean, Kristobal Deunaren egunean, ELA sindikatuak garraioaren arazo nagusiak jorratzen dituen idatzia erregistratu du Eusko Legebiltzarrean. Errepideko merkatzien garraioko sektorean prekarietatea eta desregulazioa erabatekoak dira. Lan erreformek, hitzarmen batzuek indarra galdu izanak, eta malguegia den estatuko erregulazioak eragiten dutena da lan-eskubide oinarrizkoenak sistematikoki betetzen ez dituzten enpresak ugaltzea.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako garraioko ordezkari eta langileek, ELAren ekimenez, testua idatzi dute garraioko sektoreari eragiten dioten arazo nagusiak jorratzen dituena: kilometroaren araberako ordainketa, katean egindako azpikontratazioa, buzoi-enpresak, autonomo faltsuak, kamioitan bizi diren langileak, etab.

Beren helburua hirukoitza da:

  • Sektorean jasaten den prekarietatea gizarteratzea
  • Eusko Legebiltzarrean eztabaida piztea
  • Erakunde publikoek beren eskudentzen esparruan hainbeste prekarietateri irtenbidea emateko deia luzatzea

Uztailaren 10ean erregistratuko dute testua, Kristobal Deunaren eguna, garraiolarien patroia izaki; eta aldi berean legebiltzar aurrean elkarretaratzea egingo dute, bizi duten lan prekarietatea salatzeko.

Ekitaldi honekin hasiera eman nahi diote ELAk sektorerako diseinatu duen kanpaina bati, eta udako oporrak pasata jarraipena izango du.