ELA, STEE-EILAS, LAB ETA UGT- ek maiatzaren 15, 16 eta 17ko greba deialdiak berresten dituzte

2007/05/13
Maiatzaren 14ean Hezkuntza Sailak egoera desblokeatzeko ELA, STEE-EILAS, LAB eta UGT sindikatuekin egindako bileran baztertu egin ditu sindikatu hauen gutxieneko proposamenak; agidanez CCOOek ordezkatzen duen gutxiengo sindikalarekin gutxienekoen aurre akordioa sinatuko du. CCOO sinatzear dagoen aurre akordioak ez ditu sektoreak aldarrikatu eta behar dituen neurriak jasotzen, hortaz gatazka itxi gabe geratzen da.

Hezkuntza Sailak ELA, STEE- EILAS, LAB eta UGT-k egoera desblokeatzeko egindako proposamena guztiz baztertu ondoren, egun hauetako greba deialdiei eusten dietela adierazten dute sindikatuek.

CCOOek gutxienekoak betetzen ez dituen akordioa sinatzeak esan nahi du akordio horrek ez dituela gure proposamen eta plataformetan jasotako neurriak biltzen. Gauzak honela arazoa ez da ondo ixten, akordioak ez dituelako gure lan baldintzak eta eskola publikoa hobetzeko inongo neurririk ezartzen.

Gaur gertatutakoa "aurrikusitako sinadura baten kronika" baino ez da, hain zuzen ere indarrak bildu, mobilizatu eta beharrezkoa denean Administrazioa presionatzeko gai izan ez den sindikatu baten sinadura izango baita gaurkoa, eta gainera, orain arteko mugimendu eta ekintzak sektorearen aldeko neurriak lortzean baino, beste sindikatuen aurka jotzeko erabili dituen sindikatu baten sinadura.

Sinatzear dagoen akordio honetan jasotzen direnek ez diete beharrei erantzuten: 55 urtekoentzat jardunaldi murrizketari dagozkionak hutsaren hurrengoak dira; egonkortasun konpromisoaren galeran koska gehiago estutzen du (honi, noski, CCOOk bultzatutako sententzia erantsiz); lehen hezkuntzan tutore eta espezialisten arteko soldata diskriminazioari ateak zabaltzen dizkio; 2 urteko geletarako balizko ratioen zabaltzea mugatzen du; hezkuntzak dituen beharrizan berriei erantzuteko ordu kreditu berririk ez du sortzen, e.a.. Laburbilduz, ez du jasotzen sektorerako ezinbestekotzat jotzen duguna.

Hau guztia dela eta, une honetan inoiz baino garrantzitsuagoa da mobilizatzea eta presionatzea, izan ere hau baita egoera hau aldatzeko eta aldarrikatutakoa lortzeko bide bakarra. Ildo honi jarraituz, CCOOek maiatzaren 24rako egin behar zuen balizko deialdiari, bateratua izango zelakoan, jarraitzeko asmoa zutenei, (orain ikusten da CCOOek ez zuela horretarako asmorik), dei egiten diegu aste honetarako deituta dauden mobilizazioetan parte har dezaten.