ELA, STEE-EILAS, LAB eta UGT sindikatuek Administrazioaren behin-betiko proposamena onartezina dela uste dute

2007/03/21
Martxoak 20an egindako unibertsitatez kanpoko irakaskuntza publikoko Mahai Sektorialeko bileran sindikatu eta Administrazioaren arteko erabateko desadostasuna gauzatu da. Egindako proposamenarekin agerian geratu da Administrazioaren ahulezia sindikatuok helarazitako eskaerei erantzun ahal izateko.

Enpleguari dagokionez, Administrazioak iragarritako LEPa atzeratzeko eskaerari ezezko borobila eman dio, kontuan izan gabe hiru hilabete baino gutxiago falta direla frogak egin arte. Beraz, aurkeztu behar diren milaka langileek ezin izango dituzte azterketak behar bezala prestatu. Baita ere, egonkor izaera zuten langileei LOE ezarri bitartean (2011. urtera arte) egoera hau bermatzeko aukera ukatu die.

Beste aldetik, 55 urtetik gorakoentzako irakastorduen (ez lan ordutegia) murrizketari dagokion proposamena barregarria da: soilik haur eta lehen hezkuntzako 59 urtetik gorako irakasleentzako 2 orduko murrizketa.

Hezkuntza sistemaren behar berriei (inmigrazioa, teknologia berriak, elkarbizitza, hizkuntza normalkuntza, orientazioa…) aurre egiteko eta era horretan ikastetxeen kalitatea hobetzeko, baliabide gehiago eta figura berrien ezarpenari buruz, Hezkuntza Sailaren proposamenak zehaztapenik gabeko ebaluazio eta ikerketak planteatzen ditu, eta kasu batzuetan, jarraipenik izango ez duten aldi baterako neurriak.
Ratioen hobekuntza eta hezkuntza errefortzuak planteatzeko orduan, ez dago Administrazioaren proposamenean aldaketa orokor nabarmenik.

Testuinguru honetan, Administrazioak egindako proposamenean gai gutxi batzuetan agertzen diren aurrerapen eskasak (bi urteko geletako irakasle/gela ratioa 1,5ean finkatu) ez dira nahikoak iritzi ezkorra aldatzeko.

Ordainsarien igoerari aurre egiteko diru kopurua 6 milioi eurotik 9 milioira igotzea, 23.000 irakasleren artean banatzeko, oso eskasa da (pertsona bakoitzeko 33 euro/hilero baino gutxiago). Gainera, kopuru honen banaketa egiteko era diskriminatzaileak 14.000 irakasle kanpoan uzten ditu.

Beraz, Departamentuak bilera hau egin baino lehen komunikabideetan azalduriko jarrera optimistak inolako oinarririk ez zeukala ondoriozta daiteke. Era berean, gaurko bilerak argi utzi du esparru sindikaletik hilabetetan mobilizazioen kontra sistematikoki azaldu direnak, behin baino gehiagotan lan-hitzarmen ona negoziatzeko aukera zegoela aldarrikatuz, oker zeudela.

Hau guztia dela eta, ELA, STEE-EILAS, LAB eta UGT sindikatuek irakaskuntza sektorean informazio, eztabaida eta kontsulta epea zabalduko dute etorkizunean egin beharreko mobilizazioen inguruan.