ELA, STEE-EILAS, LAB eta UGT sindikatuek datorren egunetako greba-deialdiei eusten diete

2007/05/13
Maiatzaren 11an egindako bilerak ez zuen gatazka desblokeatzeko balio izan eta soilik lau sindikatuok aurkeztutako aldarrikapenen oinarriak onartuko balitu Departamentuak, lanuzteko deialdia bertan behera utzi ahal izango zen.

Aurreko ostiralean Hezkuntza Sailak aurkeztutako proposamena ez du inolako aurrerapenik eragin negoziazioan, asteburu honetan jasan dugun informazio bonbardaketak besterik adierazi nahi bazuen ere. Proposamen horretan, Sailak aurretik azaldutako jarrera berdinarekin agertu zen, aurkeztutako aldarrikapenei muzin eginez.

Hala ere, ELA, STEE-EILAS, LAB eta UGT sindikatuok (EAEko irakaskuntza publiko ez unibertsitarioko irakasleen %69ko ordezkaritza dugunok) hasieratik izan dugun arduragatik bilera horren azken unera arte (gaueko 11:00ak arte) saiatu ginen jarrerak hurbiltzen eta gatazka desblokeatzen.

Ildo honetan, berriro ere malgutasuna adieraziz, aurkeztu ziguten proposamena oinarritzat hartzea onartu genuen, hainbat puntutan zuzenketa batzuk eskatu genituelarik. Bileran aurkeztutako zuzenketek ez zuten aldatzen ezarritako markoa eta berau hobetu eta sindikatuok bultzatutako neurriak gauzatzeko jauzi kualitatiboa ematea nahi genuen lortu.

Hezkuntza Sailari aurkeztu genizkion neurriek eta proposamenek ondokoa lortu nahi zuten:

-Sailak aurkeztutako lan-sarien proposamenaren izaera diskriminatzailea ekidin, batez ere Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasle espezialistarekiko, eta neurri horiek maila horietako ikastetxeetan sortuko dituzten ondorio negatiboak saihestu.

-Enpleguaren finkatzea bultzatu, egonkor izaera izan zuten irakasleen enplegua 2011ra arte bermatuko delarik, beraien lan baldintzak mantenduz eta finkatze sisteman nahi ez diren efektu negatiboak zuzentze mekanismoak erabiliz.

-Sailak aurkeztu duen eskola orduen murrizketa, eskasa bada ere, beste eskola mailetara ere hedatu eta beste adinetara luzatze progresiboa aztertu.

-Eskola behar berrietarako irakasleria eta kreditu orduak gehitu eta kontsolidatu: elkarbizitza, etorkinak, hizkuntza normalkuntza, teknologia berriak ...

Zoritxarrez, beste sindikatu batek balorazio positibotik gainean, Sailak ez zuen erantzunik eman eta gaur astelehena arte atzeratu du erantzuna, mobilizazioen egutegia ezagutzen bazuen ere. Jarrera horrek Sailaren arduragabekeria argi islatzen du eta zalantza sortzen zaigu ea jarrera horrekin mobilizazioak oztopatzeko desorientazioa hedatu nahi den, arazoei benetako irtenbidea bilatzea baino.



Hori dela eta, beldur gaude ea gaurko bilera kanpora begirako ekintza bat besterik ez ote den izango, %31ko ordezkaritza duen CCOO sindikatuarekin akordio eskas bat eszenifikatzeko, hain zuzen gehiengo sindikala zabalak (%69a) deitutako greba egunen bezperan, "iragarritako sinadura baten kronika" alegia.