ELA, STEE-EILAS, LAB eta UGT sindikatuek elkarretaratzeak egitera deitu dituzte ekainaren 8rako EAEko ikastetxe publiko guztietan

2006/06/06

STEE-EILAS, ELA, LAB eta UGT sindikatuek, unibertsitatez kanpoko Irakaskuntza Publikoan gehiengoa ordezkatzen dutenek, ekainaren 8an EAEko ikastetxe publiko guztietan jolas-orduan elkarretaratzeak egitera deitu dute, lan baldintzak arautuko dituen hitzarmen berriaren negoziazioan Hezkuntza Saila izaten ari den jarrera salatzeko.

Sindikatuek egindako aldarrikapenei Administrazioak emandako erantzun eskasak eta funtsezkotzat jotzen dituzten gaietan aurrerapausorik ezak mahai negoziatzailearen etena eragin zuen joan den maiatzaren 18an. Orduz geroztik, sindikatuak hainbat ekintza bultzatzen ari dira. Dinamika horretan kokatzen da ostegunerako deialdi hau ere.

Joan den igandean, ekainak 4, Oñatin ospatutako Euskal Eskola Publikoaren jaian sindikatuen ordezkariek idatzi bat eman zioten eskura Sailburuari zeinetan Hezkuntza Sailari beste behin eskatzen zioten jarrera alda dezan, egin dituzten proposamenak aintzat hartuz, era horretan irakasleen lan baldintzak arautuko dituen akordio berriaren negoziazioa gaur egun jasaten ari den blokeo-egoera gainditu ahal izateko.

Baina, eskaera hauen guztien aurrean Hezkuntza Sailak entzungor jarraitzen du. Horregatik sindikatu hauek aldez aurretik prestatutako ekintza-egutegiarekin jarraituko dute. Ekainaren 8rako (osteguna) deitutako elkarretaratzeak dira, hain zuzen ere, ekintza horien hurrengo urratsa.