ELA-Zerbitzuak federazioak prekaritatearen eta soldata arrakalaren aurkako borroka areagotuko du, 4 urtean 100 greba egin ondoren

‘Arrakalatik Berdintasunera' lelopean, Donostiako Kursaalean egin da ELA-Zerbitzuak Federazioaren Kongresua, eta prekarietatearen eta genero soldata arrakalaren aurkako borroka indartzeko konpromisoa hartu dute, besteak beste, bertan ziren 178 ordezkariek.
Idazkaritza berritua eta lan ildoak
Federazioak aurkeztutako ekimenekin eta orain arteko lan ildoa onetsi du kongresuak, eta federazioaren idazkaritza ere berritu dute: Maricruz Elkoro berrautatu dute federazioko idazkari nagusi gisa (botoen % 95rekin), eta Batzorde Iraunkorreko beste zazpi pertsona ere hautatu dituzte, honako erantzukizunekin:
- Maricruz Elkoro Zengotitabengoa: Zerbitzuak federazioko Idazkari Nagusia
- Egoitz Iturbe Saez de Nanclares: Donostia, Deba eta Urola-Kosta
- Uribarri Irigoras Alberdi: Bilbo eta Ibaizabal-Nerbioi
- Hodei Blasko Otsoa: Gasteiz
- Idoia Elustondo Plazaola: Oarso-Bidasoa eta Oria-Goierri
- Janire Ornes Uriondo: Gernika-Durango eta Ezkerraldea-Kadagua
- Pablo Sánchez González: Nafarroa
- Itziar Larrazabal Gardeazabal: Genero Ekitatea, Eskumaldea
Mari Cruz Elkorok kongresuko hitzartzean nabarmendu du lau urtetan 2.726 pertsona gehiago afiliatu direla Zerbitzuak federazioan, eta horietatik % 78 emakumeak dira. “Federazioko ia sektore guztietan, ELAk gehiengoa izaten jarraitzen du, eta horietako askotan, gehiengo osoa”. Kongresu arteko aldian, ia 100 greba egin ditu federazioak, pandemian zehar ekintza sindikala asko murriztu bada ere, gogorarazi duenez. “Sektore feminizatu eta prekario gehienak daude federazio honetan: guztira 29.198 afiliatu ditu, eta horietatik % 62 emakumeak dira”.
Bestalde, Kongresuari aurkeztutako lau ebazpenak onartu dira:
- Negoziazio kolektiboaren estatalizazioaren aurrean, sindikalismo aldarrikatzailea.
- Negoziazio sektorialaren blokeoa gainditzea eta prekaritatearen aurkako borroka aktibatzea.
- Taldeen antolaketa, funtsezkoa gure antolaketa ereduan.
- Arrakaletik berdintasunera.
Sindikalismoa feminizatutako sektoreetan
Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia parte hartu du ELA-Zerbitzuaken Kongresuan, eta azpimarratu du prekaritatearen kontra egitearen garrantzia, are gehiago Zerbitzuak federazioak barnebiltzen dituen sektore feminizatuenetan. “Hamaika greba eta mobilizaziorekin sindikalismoa esparru horietara eramatea lortu duzue, eta hor ere ezin baliogarriagoa dela erakutsi”. “Greba horiek, greba sindikalak baino gehiago dira, gizartea bera eraldatzen dutelako: berdintasuna arazo sozial eta politikoa ere badelako. Horregatik, ELAK soldata arrakalaren aldarria kokatu du eta duzue sindikatuaren erdigunean”.
Horri esker, langile askoren lan eta bizi baldintza hobetu direla ziurtatu du Lakuntzak, bereziki emakumeenak, eta borroka hori hauspotu behar dela dio, jendea afiliatuz eta batik bat inplikatuz. “Inplikazio hori gabe ez dago egoera hobetzerik eta borrokatzerik”.
Zer esanik ez bizi den “une zailean”, dioenez: “Krisi energetiko baten erdian eta prezioek etengabe gora egiten ari direnean, enpresak etekin historikoak lortzen ari dira. Baina aldi berean, patronala kexu da langilerik aurkitzen ez duelako”. Ostalaritzarekin sortu den harrabotsa horren lekuko. “Falta dena ez da jendea, bizi eta lan baldintza onak baizik”.
Gizalan eta Industira eta eraikuntza Federazioak
Lehen kongresu egun honen ondoren, Gizalan eta Industria eta eraikuntza federazioen txanda izango da. Zehazki, bihar, ekainaren 15ean Gizalanek egingo du bere kongresua Burlatako Kultur Etxean. Igor Eizagirre aurkeztuko da berriro federazioaren idazkari nagusi gisa. Eta ekainaren 16an, ostegunean, Industria eta Eraikuntzarena egingo da Gasteizko Europa Jauregian, Unai Martinez berriro hautagai dela.