ELAk 2.000 afiliatu gehiago ditu aurreko kongresutik (guztira: 100.925)

2021/10/18
ELAk, hainbat komunikabidetako kazetarien aurrean, sindikatuaren benetako afiliazio-zifrak ziurtatu ditu gaur; izan ere, gonbidatuen eskura jarri du afiliazio-datu errealak zuzenean egiaztatzea, betiere dagozkion datu pertsonalen babesarekin. Hau da, ziurrenik, Euskal Herrian dagoen gardentasun-ariketa bakarra. Horrela, egiaztatuta geratu da ELAk 100.925 afiliatu dituela, hau da, ia 2.000 kotizatzaile gehiago 2017ko Kongresuan jasotako datuekin alderatuta (orduan 98.960 pertsona ziren). Ekitaldi hau kongresuen aurreko asteetan egin ohi da. Kasu honetan XV.Kongresua azaroaren 24an eta 25ean Bilbon egingo da.

ELAren izaera isladatzen dituen beste datu esanguratsuak ere badaude, betiere afiliazioari dagokionez: sindikatu osoko emakumeen ehunekoa % 43tik % 46ra igaro da lau urtean, eta igoera hori zerbitzu-sektoreetan gertatu da batez ere (emakumeen ehunekoak ia bikoizten du gizonena), prekarizatuenak direnak, hain zuzen ere. Emakumeen afiliazio-ehuneko hori ia % 50eraino igotzen da 39 urtetik beherakoen artean. Horrek erakusten du ELA oso presente dagoela lan sindikala beharrezkoa den lantokietan, langileak babesik gabe dauden lekuetan. Sektore horiek dira, gehienbat, covid pandemian funtsezkotzat jo izan direnak.

Afiliazioa funtsezkoa da ELAren zeregin sindikala eta izaera bera ulertzeko, indar militante horrek ahalbidetzen baitu sindikatuaren urteko diru-sarreren % 93 baliabide propioetatik etortzea. Ehuneko hori mantendu egin da azken lau urteetan. “100.925 langileek konpromiso pertsonalaren bidez, herrialde honetako proiektu kolektibo handienetako bat ahalbidetzen dute -nabarmendu zuen Mitxel Lakuntzak-. Konpromiso horretan datza ELAren indarra, afiliazioak autonomia ematen digu, eta horrek aukera ematen digu langile klasearen interesak lehenesteko, beti eta edozein egoeratan”.

Ildo horretan, ELAk bere egoera ekonomikoaren balantzea ere egin du. Bertan, erresistentzia-kutxaren indarra azpimarratu behar da, greban dauden pertsonei 1.163 euroko kalte-ordaina ematen baitie hilean (ohiko gatazketan). Horrek azaltzen du ELAk lan-baldintzak defendatzeko duen gaitasuna, greba oinarrizko elementua baita konfrontazioko negoziazio kolektiborako, eta ez enpresen menpekoa. Ildo horretan, azpimarratu behar da ELAk hileko kalte-ordain hori % 34 handitu duela azken lau urteetan, erresistentzia-kutxaren osasun onaren erakusgarri, afiliatu bakoitzaren kuotaren % 25 bideratzen baita horretara.
“Badakigu grebak ez direla arrazoi hutsarekin irabazten -gogoratu zuen Lakuntzak-, irauteko gaitasuna funtsezkoa da. Kutxa da gainerako afiliatuek greban dauden pertsonei ematen dieten laguntza, babesa eta animoa. Elkartasun-ekintza paregabea da”.

Afiliatuen artean emakumeen ehunekoa % 43tik % 46ra igo da 2017tik, eta igoera hori batez ere zerbitzuetan eta prekarizazio handieneko sektoreetan erregistratu da

ELAk erresistentzia-kutxaren kalte-ordaina % 34 handitu du 4 urtean (gaur egun, hilean 1.163 eurokoa da)