ELAk 20 greba egun deitu ditu Donostiako Onkologikoko garbikuntzan

2023/01/24
Donostiako Onkologikoko lantokian lan egiten duten Ilunion enpresako langileek mobilizazioak areagotu dituzte hitzarmena negoziatu eta soldata arrakalarekin amaitzeko.

Donostiako Onkologikoko Ilunion azpikontratatutako garbikuntza zerbitzuko langileek greba egitea erabaki dute euren egoera prekarioari konponbidea bilatzeko. 20 langile inguru dira, ia guztiak emakumeak. Hori dela eta, ELAk deituta, urtarrilaren 30ean hasiko dute 20 eguneko greba.

Onkologikoan lanaldi osorako kontratatuta dauden garbitzaileek urtean 20.000 euro inguru kobratzen dute, Gipuzkoako kale garbiketako langileek baino % 25 gutxiago. Horrek esan nahi du, antzeko lana egiten duten sektore maskulinizatuetan 5.000 euro gehiago kobratzen dutela urtean. Sistema kapitalista patriarkalak ez baitie balio ekonomiko bera ematen sektore feminizatuei eta maskulinizatuei.

Horren aurrean, eta kontratazioa eta bestelako lan baldintzak kontuan izanik, Onkologikoko garbitzaileek erabaki dute zentroko hitzarmen bat negoziatzea. Ilunion enpresak, Onkologikoko garbiketa zerbitzuaren esleipendunak, ordea, hiru aldiz errefusatu du ELAren bilera proposamena. Era berean, arduradun nagusiari, Onkologikoari, ere eman zaio egoeraren berri, eta biltzeko eskaera egin arren, baztertu du aukera. Informazioa jaso izana eskertu badu ere, nahiago izan du enpresarekin bildu. Hori dela eta, grebara jotzea beste aukerarik ez dute izan langileek.

Garbitzaileak euren lan baldintza duindu eta soldata arrakalarekin amaitu nahi dute. Ikusezin izateari utzi, eta hitzarmen duin bat lortzeko. Aldarrikapen horiek eramango dituzte grebara.