E28, SEXU ASKAPENERAKO EGUNA
ELAk 200 militante baino gehiago batu ditu Donostiako Tabakaleran Nazioarteko Sexu Askapenerako Eguna dela eta

“Qtik Transfeminismorantz, Identitate disidenteak klase borrokaren parte dira” lelopean, Donostiako Tabakalerako zine aretoa eskenatoki bilakatu da ELAk aurtengo LGTBI+ Harrotasunaren eguna (Nazioarteko Sexu Askapenerako eguna) aldarrikatzeko.
ELA Nafarroako Gizalan federazioko Izai Bujandak aurkeztu du 2024ko ekitaldi konfederalaren kontestualizazio teoriko-politikoa, eta aurreratu ditu ekitaldian zehar garatuko ideia gakoak; hala nola, auzitan jarri ditu egiturazko kategoria soziala Queertasunetik-arrarotasunetik, transfeminismorako bide edo elkar gurutzaketa horretatik: gizona, emakumea, heteroaraua, nomatibitatea bera. Eta borroken arteko aliantzen beharra azpimarratu du, transfeminismoa izanik horren beste adibide bat.
Ekitaldiaren muina izan da mahai ingurua, Leire Gallego eta Jone Bengoetxea ELAko Genero Ataleko kideek gidatuta, eta honako gonbidatuekin: Josebe Iturrioz aktibista transfeminista eta irakaslea, eta Ibai Fresnedo aktibista transfeminista eta Hiruko Larroxako kidea.
Euskal Herriko askapen sexualaren mugimenduaren berri eman dute gonbidatuek. Mugimendu erreformista eta mugimendu autonomoaren talkaz aritu da Fresnedo. Politika eta diskurtso instituzionalei interpelatzen jarraitzearen beharraz; diskurtsoen apropiazio, asimiliazio eta gaiztotzeaz. Aliantzei begira, borroka feminista, antikapitalista, antiarrazista eta dekolonialarekin batera agenda politiko bat adostearen beharraz eta abar.
Ekitaldiaren galdera nagusitako bati erantzun nahian, “Q”- Queer termino edota kontzeptuaren garapenari buelta bat eman zaio: “Gaur egun autoafirmazio eta erresistentzia etiketa da askorentzat, LGTBI+ komunitateko pertsona guztiek ez dute termino hori modu berean onartzen edo erabiltzen”, ziurtatu du Fresnedok. Qtik Transfeminismoaren inguruan hitz egitera pasa dira biak: “Transfeminismoak ez du bilatzen banakoen identitatearekin, sentipen edo desiren onarpena, transfeminismoak proposatzen duena da gizarte ordena eraldatzea, hau da, gizon eta emakumeekin bukatzea”, adierazi du Iturriozek.
“Patriarkala esaten dugunean heterosexuala esaten dugu. Gizon eta emakume kategoriak kategoria politiko eta sozialak izateaz gain, kategoria ekonomikoak ere badira. LGTBI+ borrokak beti izan du klase ikuspegia, juxtuki borroka horretan lerrokatu diren subjektu eta gorputzak izan direlako prekarizatuenak eta marjinatuenak", gehitu du Fresendok.
“Beraz, klase eta transfeminismoaren ikuspegitik, garrantzitsua da azpimarratzea guk ez dugula nahi gizon/emakume edo heterosexual/homosexual emantzipatu edo berdinez osatutako gizarterik (soldata arrakala, kristalezko sabaia, ezkontza...); nahi duguna, zuzenean, gizonik eta emakumerik gabeko gizartea da; generoa indarkeriarako eta dominaziorako berariazko dispositiboa baita”, adierazi dute bi gonbidatuek.
Bea Egizabal clownaren antzezpenarekin amaitu da ekitaldia, umorez jantzi du hain konplexua den gaia, eta jardunaldian parte hartu duten ELAko kideek kontzentrazioa egin dute ondoren Tabakaleraren atarian, Nazioarteko Sexu Askapenaren Egunaren garrantzia aldarrikatzeko.