ELAk 2003ko NEGOZIAZIO KOLEKTIBOAREN BALANTZEA EGIN DU

2003/12/19

Aurtengo balantzea egiterakoan, 2003ko negoziazio kolektiboaren ezaugarria ELA, LAB eta ESKren arteko akordioak posible egin duen dinamika izan da: lehenengoz, sigla pilatze hutsaren ordez diagnostiko eta helburu komunak ezarri dira. ELAren irudiko, patronalaren jarrera itxia ere nabarmena izan da hitzarmenen negoziazioan, eta lehengoari eusteko hainbat bide erabili du, minoriekin itxitako akordioak edo banaka atxikitzeko hitzarmenak, betiere UGT eta CC OOen laguntzarekin.

Sebas Andreu negoziazio kolektiboaren arduradunak esan duenez, hiru sindikatuen arteko akordioa azpimarratzekoa da, eta negoziazioa fase berri batera ekarri du, non funtsezko zeregina kolokako enpleguaren aurkako borroka den.

Andreuren arabera, "ugazabek negoziazio kolektiboaren dinamika aldatzerik ez dute nahi, eta horregatik gatazka saihesteko akordioak bilatzen ditu, ahal dela negoziazioa sektore mailan ixtearren". Enpresariek minoria sindikalarekin sinatu dute -laguntza eman dieten UGT eta CC OOekin alegia- edota banaka atxikitzeko akordioak egin dituzte; horrek ez ditu, halere, ekidin ELAk gehiengoa duen enpresetako emaitza onak -batez bestekoak baino askoz hobeak-, areago gatazka izan den kasuetan.

ELAko idazkari nagusiak iragarri duen moduan, sindikatuak eragin mugatuko akordioei "erabateko gerra" egingo die, "negoziazio kolektiboa azpikoz gora jartzen baitute; ez dugu onartuko negoziazioa minoriekin itxitako akordioen bidez zapuzterik".

Elorrietak enpleguaren atalean errelebo-kontratua gehitu izana azpimarratu du -iaz baino %33 gehiago-, gazteek lan merkatuan sartzeko baldintza duinak lortzen baitituzte horrela.

Jose Elorrietak, bestalde, Eusko Jaurlaritzari kargu hartu dio EAEko sektore publikorako minoria sindikalarekin, CC OO eta UGTrekin, sinatu duen akordioa -"urtea amaitu baino lehenago ere itxitzat eman du negoziazioa, gehiengoa aintzat hartu gabe"-, eta honela jokatzen duenak sinesgarritasunik ez duela esan du, "ezin da esan gatazkak konpontzeko bidea elkarrizketa eta negoziazioa dela, etxetik hasten ez bada".

Akordioari buruz, ELAko idazkari nagusiak soldata igoera eskasa bermatzen duela adierazi du, eta administrazioetan garrantzi handia duten hainbat gai ez dituela kontutan izan: kolokako enplegua, azpikontratazioa, errelebo-kontratua edo euskalduntzea. Negoziazioa ez da amaitu, "gure erantzuna sektoreetara eramango baitugu: Osakidetza, Irakaskuntza, Ertzaintza...".