ELAk 2012ko ordainsari berezia ordaintzera behartuko duen ekimena aldarrikatzen du Nafarroako Parlamentuan

2013/05/03
Gehiengo politikoak abenduan onartutako legea betearazi behar du, Estatuak helegiterik ez duela jarri eta Nafarroako legea ontzat jo duela ikusita.

ELAk Nafarroako langile publiko guztien urteko soldataren %7a (2012ko abenduaren ordainsaria) berreskuratzeko aldarrikapenari eusten dio, eta orain ekimen horrek bide garbiago dauka Estatuak ez duelako helegiterik jarri 27/2012 Foru Legearen aurka. Jakina denez, arau horrek aparteko ordainsariaren bezain besteko gehigarria ordaintzera behartzen zuen, Nafarroako administrazio guztietan. Horren aurkako helegiteak jartzeko epea bukatu da eta legea tinko bihurtu da, Barcinaren Gobernuak NAOn argitalpena fede gaiztoz atzeratu bazuen ere, agindu hori ez betetzeko asmo txarrez.

Gauzak horrela, 27/2012 Foru Legea onartu zuten alderdiek (PSN, Bildu, I-E, Aralar-NaBai eta Geroa Bai) soldataren %7a itzultzeko urratsa eman zuen, baina agindu hori ez da gauzatu. Foru Administrazioan zein tokian tokikoetan, koherenteak izateko ordua heldu zaie, ordaintzeko agindu zehatza indarren jarriz. Nafarroako Parlamentuaren kasuan, gehiengo politikoak arau bat onar dezake (garapen legea, adibidez) ordainsari bezalako gehigarriaren ordainketa bermatzeko. Hau da, Barcinaren Gobernua behartzea. Orain, gainera, Estatuak ez duela helegiterik jarriko badakigu.

ELA sindikatuak alderdi zein beste sindikatuei proposamen hau luzatzen die. Garaiz onartzen bada, ekainean ordaindu daiteke, eta hurrengo Gabonetako ordainsaria aurreratzeko beharra bertan behera geratuko litzateke.

Aurreratze afera honetan, ELAk jakinarazi zuen Gobernua bere langileen kalterako zorra sortzen ari zela: 2013ko ekainaren ordainsaria ez zen sortua, eta hala ere Gobernuak urtarrilean ordaindu zuen, zorra sortuz. Hilabete batzuk igarota, Nafarroako Gobernuak gaur egun lanean ez daudenei (berritu ez diren kontratuak eta abar) kobratutako aurreratze hori eskatzen die, langile askoren egoera are estuagoa bihurtuz. Bide batez, horrek baieztatzen du ELAk garai hartan aurreikusitako iruzurra. Horregatik, ELAk eskatzen du hurrengo aparteko ordainsaria ez aurreratzea, langileak horrela erabakitzen badu, sortu daitezkeen arazoak saihesteko asmoan.