ELAk % 21eko soldata-igoera sinatu du Eibarko Egogain egoitzako esku-hartze psikosozialeko zerbitzuan

2022/05/10
Eibarko Egogain egoitzako esku-hartze sozialeko zerbitzuko (UTE Lagunduz enpresak kudeatzen duena, Gipuzkoako Foru Aldundiak azpikontratatuta) langileek, gehienak emakume gazteak, euren lan baldintzak nabarmen hobetuko dituzte ELAk sinatutako akordioari esker, eta jasaten duten lanaldi partzial eta malgutasun prekarietateari aurre egingo diote

Hamar langilek osatzen duten kolektibo honek lehen aldiz enpresa hitzarmena izango dute. Hamar urte zeramatzaten lan baldintzak hobetu gabe. UTE Lagunduz enpresak kudeatutako enpresa da honakoa, Gipuzkoako Foru Aldundiak azpikontratatutakoa eta egoiliarren arreta psikosozialaz arduratzen dira (terapiak egiteaz, talde dinamikak etab.).

Langile hauek egoiliarren garapen psikosozialean ezinbesteko lana egiten dute, baina oso baldintza prekarioetan egon dira urteetan zehar (lanaldi partzialak, ordutegi malguak, soldata eskasak). Langile gehienak emakumeak eta gazteak dira eta askok eta askok beste lan batera jo behar izaten dute euren bizitza aurrera eraman ahal izateko.

Akordio honen bitartez 2022rako %21eko soldata igoera izango dute, eta 2023 eta 2024rako KPIaren igoera bermatuko zaie kontzeptu guztietan.

Bestelako hobekuntza batzuk ere izango dituzte aldi baterako ezintasuneko kontzeptuetan, kontratazioak arautuko dira eta langileen aintzinatasuna hartuko da kontuan, saioak prestatzeko orduak lanordu bezala kontsideratuko dizkiete etab.

Oso positiboki baloratzen du ELAk akordio honen sinadura eta lanean jarraituko du ELAk sektore prekarioenetako langileen baldintzak hobetzeko.