ELAk 28 neurri zehatz proposatu ditu covid19aren krisiari “irtenbide soziala” emateko

2020/05/18
ELAK goiz honetanaurkeztu den dokumentuan honako proposamenak jaso dira: Errenta altuentzako zerga handiagoak (Sozietateetan %20ko errekargua, PFEZean (Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga) %60ko tasa sarrera altuenei); azpikontratak publifikatu eta Administrazioetako aldi baterako enplegua finkatzea; langabeentzako eta DSBE (Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta) jasotzen dutenentzat LGS (Lanbidearteko Gutxieneko Soldata) adinako gutxieneko diru-sarrerak; banku publiko bat Nafarroan eta Kutxabank esku publikoetara itzultzea.

ELAk gaur ‘Benetako irteera’ izeneko dokumentu politikoa aurkeztu du; agirian covid19ak eragin duen krisia aztertzen da, eta ohartarazten duenez, “irtenbidea ez da neutroa izango, eta beharrezkoak izango dira neurri oso handinahiak eta konkretuak langile-klaseak eta kolektibo zein pertsonarik txiroenek ez ditzaten ondorio guztiak ordaindu, 2008ko krisi finantzarioan gertatu zen bezala”. ELAren kalkuluen arabera Sozietate eta Ondare zergen bidezko sarrera berriak EAEn 3.750 milioi euro lirateke, eta Nafarroan 900 milioi; beraz, gastua handitzeko proposatutako neurriakg erabat egingarriak dira.

Mitxel Lakuntzak (ELAko idazkari nagusia), Maialen Aranburuk eta Mikel Novalek (Batzorde Eragileko kideak) dokumentuaren baitako 28 neurri zehatz aurkeztu dituzte, zeintzuk izango diren ELAk datozen asteetan egingo duen lanaren orientabide. Besteak beste proposatzen da enpresa, kapitala eta errenta altuei zergak igotzea (%20ko errekargua Sozietateetan, PFEZean %60ko tasa maximoa); osasun eta zaintza arloko administrazioaren azpikontratak publifikatzea (zahar-etxeak, anbulantziak, etab.) eta Administrazioetan finkoa ez den enplegua kontsolidatzea (orain kontratuen herena prekarioa da, EAEn eta Nafarroan); LGS adinako gutxieneko diru-sarrera ezartzea langabeentzat eta DSBEa edo Errenta Bermatua jasotzen dutenentzat, eta azkenik, Nafarroan banku publiko bat sortzea eta Kutxabank esku publikoetara itzultzea.

ELAk egin dituen 28 proposamenak

SARRERA PUBLIKOAK GEHITU

  1. Sozietateen gaineko Zerga: Kenkariak bertan behera utzi eta 2019ko Sozietateen Zergako aitorpenean errekargu berezi bat ezarri, urte hortako etekinen %20koa. Horrela EAEn 1.750 milioi euro bilduko lirateke, eta Nafarroan 400 milioi.
  2. Ondare, aberastasun eta fortuna handien gaineko Zerga. Errekargu espezifiko bat ezarri, progresiboa, %1 eta %10 bitartekoa. Horrela 2.000 milioi gehiago bilduko litzateke EAEn eta 500 milioi gehiago Nafarroan.
  3. PFEZ progresiboagoa: Eskala aldatu, tasa marjinal altuena %60eraino gehituz; kapitalaren tarifa espezifikoa kendu. Zenbatekoa eskalaren progresibotasunaren araberakoa izango litzateke.
  4. Azpiegitura handiak gelditu (Abiadura Handiko Trena, Hegoaldeko Tren-Saihesbidea, Bilbo Handiko lurpeko tunela, Nafarroako Kanala...), eta sail horietako dirua aurrekontu sozialetara bideratu.
  5. Gastuari aurre egiteko zorpetzea handitu; honek esan nahi du ezin direla ontzat eman defizit, zor eta gastu-arauaren mugak.

ARLO PUBLIKOA SENDOTU

  1. Hiru urteko epean osasunean eta hezkuntzan Europako batez besteko mailarekiko dagoen defizita gainditu. EAEko osasunean 1.800 milioi eta hezkuntzan 660 milioi behaer dira, eta Nafarroan, 427 milioi osasunean eta 338 hezkuntzan.
  2. EAEko eta Nafarroako administrazioetan aldi baterako kontratua duten langile guztien enplegua finkatu.
  3. Sektore azpikontratatuak publifikatu: zahar-etxeak, etxez etxeko arreta, anbulantziak, garbitasuna... subrogazioa eta enplegu finkatua bermatuz.

DIRU-SARRERA NAHIKOAK BERMATU

  1. DSBEaren eta EBaren zenbatekoa LGSaren %100arekin parekatu (1.108 euro, 12 pagatan) bakarrik bizi direnentzat; %50 gehitu bizikidetza-unitateko kide bakoitzeko.
  2. Pentsioak hileko 1.080 euroraino osatu.
  3. LGS adineko gutxieneko diru-sarrerak bermatu langabe guztiei.
  4. Covid-19aren ondoriozko ERTEetan soldatak %100eraino osatu.

ESKUBIDEEN AITORTZA, BIZIA ZEIN ZAINTZA ERDIGUNEAN KOKATU

  1. Zerbitzu Sozialei buruzko legeetan eskubide subjektiboa aitortu mendekotasun egoera guztiak sistema publiko, unibertsal, doako eta kalitatezko baten estaldura izan dezaten.
  2. Alokairu sozialeko etxebizitza bat eta oinarrizko ondasunak izateko eskubide subjektiboa bermatu. Alokairuaren prezioa mugatu.
  3. Etxeko langileen eskubideak parekatu gainerako langileek dituztenekiko (gizarte segurantzako erregimen orokorra, langileen estatutua eta lan osasunari dagokienez).
  4. Etxean egin beharreko lanetan denbora berrantolatu eta erantzukidetasunez jokatu.
  5. Pertsona guztien erregularizazio administratiborantz jo, erroldatzeko aukera bermatuz.

ENPLEGUA ETA SISTEMAREN ERALDAKETA SOZIAL ETA EKOLOGIKOA

  1. Lanaldia 35 ordura murriztu (gutxienekoa 20 ordukoa izango delarik).
  2. 1.200 euroko gutxieneko soldata.
  3. Gizon eta emakumeen arteko soldata eta pentsio arrakalak gainditu.
  4. Gehienbat emakumeei inposatzen zaien lanaldi partzialeko enplegua lanaldira osora pasatu.
  5. Lan ikuskaritzako lantaldea gehitu: 100 lagun gehiago EAEn eta 50, Nafarroan.
  6. Kutxabank esku publikoetara pasa eta Nafarroan banku publikoa sortu.
  7. Enpresak nazioartekoratzerako aurrekontu-sailak (ekoizpenaren deslokalizazioa bultzatzen dutenak) ekonomia bertokiratzera eta enplegu berdeak sustatzera bideratu.

KRISIAREN IRTENBIDE FEMINISTAN SAKONTZEA

    25. Kontziliazio eskubiderako neurri legalak areagotu, besteak beste:
          26. Zaintzagatik jardunaldia murriztu edota eszedentzia hartzerakoan langabezia jasotzeko eskubidea edo pareko prestazio bat aitortzea.
          27. Jardunaldia malgutu, murriztu edota eszedentzia hartzeko eskubidean adin txikikoen adin muga 18 urtera luzatzea.
     28. Dependentzia egoerak kubritzeko zaintza sistema publiko, unibertsal eta doakora bidean administrazioek 10.000 lanpostu sortzea.

Proposamen hauek guztiok eta “Benetako irteera” izeneko dokumentuaren balorazio politikoa aztertuko dira bihar arratsaldeko seietan ELAk bere webgunean (www.ela.eus) zuzenean emango duen saio berezian;  Jonathan Martinezek eta Irantzu Varelak elkarrizketa egingo diete saioan Mitxel Lakuntza, Maialen Aranburu eta Mikel Novali.

Irakurri proposamena osorik