Nafarroako erresidentziak
ELAk 3.600 sinadura baino gehiago bildu ditu Nafarroako Gobernuari erresidentzietako lehen hitzarmena eskatzeko

Erresidentzietako ELAko ordezkariek 3.600 sinadura baino gehiago eraman dituzte Nafarroako Jauregira, Nafarroako Gobernuak bere aldarrikapenak aintzat har ditzan eta Nafarroan sektoreko lehen hitzarmena lortzeko dirua jar dezan. 2021ean negoziazio mahaia ireki zenetik, eta 22 greba egun baino gehiago egin ondoren, langileek egiaztatu dute lan baldintzak hobetzea ez dela premiazko gaia Nafarroako Gobernuarentzat. Diru publikoarekin finantzatutako sektorea bada ere, enpresa pribatuek kudeatzen dute -horietako batzuk funts putreak-, Gobernuak ez du gaur arte baldintza duinak dituen hitzarmena sinatzea ahalbidetzen duen aurrekontu partidarik sartu.
Aurreko legegintzaldian, talde politiko guztiek erresidentzietako lehen hitzarmenaren aldeko mozioa Parlamentuan adostu bazuten ere, urtez urte proposamenik jasotzen ez duten aurrekontuak onartzen ari dira. Orain arte, mahai gainean dagoen proposamena patronalek 2022ko abenduan planteatu zuten bera da, sindikatu guztiek baztertu zutena.
ELAk sektoreko langileentzako eduki zehatzak aldarrikatzen ditu: hileko 1.500 euroko soldatak, urteko 1.592 orduko lanaldia, aldi baterako ezintasuneko bajen osagarria %100eraino kontingentzia arruntetan, eta hitzarmena egoitza guztietan aplikatzekoa izatea.
ELAren ustez negoziazioa hainbeste atzeratzen ari da eta hain baldintza eskasak mantentzen dira, zaintzaz emakumeak arduratzen direlako. Klasearen eta generoaren ikuspegitik, beharrezkoa da langileek hilaren amaierara iristeko baldintzak lortzea eta lanaldi iraunkorrak izatea.
ELAk sinadurak bildu ditu gatazka ikusarazteko eta Nafarroako Gobernuari hitzarmenaren beharra herriaren aldarria dela jakinarazteko. ELAk mobilizazioekin eta grebekin jarraituko du, langileen baldintzak hobetuko dituen eta, azken finean, zaintza sistema ere hobetuko duen hitzarmena lortu arte.