ELAk 35 orduko lanaldiari eustea eskatzen du Administrazio publikoan
Administrazioak 2012ko egutegi eta ordutegien zirkularraren indarraldia luzatu zuen hilaren hasieran; baina antzinatasun-egunak ematea aldi baterako etenda utzi zuen, eta aukerako egunak 3ra mugatu zituen. Bestela esanda, Estatuko Administrazioaren 2012ko uztailaren Dekretua bere egin zuen Autonomia Administrazioak, langileen ordezkaritzarekin inolako harremanik izan gabe, hala egitea aginduzkoa bada ere. Negoziaziorik ez egiteaz gain, ontzat hartu zuen gure autonomiaren eskumenetan Estatuko Administrazioa tartean sartzea.
Diskurtso osoaren oinarria egintzen segurtasun juridikoan datza. Dena dela, zenbait kasutan, lanaldi-motak adibide, ez dago inolako kontraesanik Madrilgo dekretuarekin; alabaina, ezta horiek ere mantentzea ez dute erabaki.
Gure ustez Madrilgo dekretua aitzakia hutsa da. Egiatan borondate politikoaren kontua da, ikusi besterik ez dago EAEko beste administrazio batzuen erabakiak, eta Eusko Jaurlaritzaren beraren egoera, zeren dekretua uztailean sartu zen indarrean eta lanaldia orain arte ez da aldatu.
ELAk 35 orduko lanaldiari eustea eskatzen du, eta baita azken urteotan murriztu diren lan- eta soldata-eskubide guztiak berreskuratzea ere. Osterantzean, herri-langileen lan-baldintzak okertu ez ezik, enplegu publikoa suntsitu eta langabezia ugaldu egingo da.
ELAren aburuz, gauzen egoera aldatzeko eta murrizketak saihesteko bide bakarra mobilizazioa da; eta horregatik mobilizazioak sustatzen eta bultzatzen jarraituko dugu administrazioko esparru guztietan.