Greba deialdia irekitzen ari da Gutxieneko Soldata propiorako bidea Kongresuan eta hainbat erakunde politikotan
ELAk egunotan ia 4.000 militante bilduko ditu Hego Euskal Herrian zehar izango diren 13 eskualde-batzarretan, atzo hasi eta martxoaren 11ra bitartean. Batzarren ondoren 13 herrietan mobilizazioak egingo dira. Handiena gaur izan da Bilbon: ELAko bostehun militantek batzar batean parte hartu dute Bilboko Euskalduna Jauregian; honen ostean Indautxu hoteleraino manifestazioa egin dute. Han elkartasuna adierazi diete duela lau hilabetetik hona euren lanpostuen aldeko greba mugagabea egiten ari diren langileei; izan ere, enplegua arriskuan baitago enpresak zerbitzua kanporatu nahi duelako.
Atzo eta gaur beste 10 batzar izan dira, eta ondoren mobilizazioak (Donostia, Tolosa, Gasteiz, Azpeitia, Bergara, Irun, Durango, Basauri, Getxo eta Burlatan), eta datozen egunetarako Zallan eta Tuteran ere hitzordua jarrita dago. Guztira 4.000 lagun bilduko dira batzarretan; ELAk hau antolatzerakoan erakutsi du M17ko deialdia zer nolako lanketa eta indarrarekin prestatzen ari den.
Halaber, ELAk batzar hauetan nabarmendu duenez, greba orokorrerako deialdia atea irekitzen ari da EAEn eta Nafarroan bertan lanbide arteko gutxieneko soldata (LGS) erabaki dadin. Batetik, ELAk eta beste sindikatu batzuek Diputatuen Kongresuan alderdi guztiekiko bilerak egin zituen (PP, Vox eta UPNrekin izan ezik), haiei proposatzeko Langileen Estatutuan aldaketa bat egitea, eta inork ez zuen kontrako jarrerarik agertu. PSOEko ordezkariek aitortu zuten lurralde bakoitzean LGS bat ezartzea kontu "sinplea dela, baina ez erraza". Hau da, bidea irekita dago eta soilik behar da Sanchezen gobernua osatzeko gehiengoaren babesa izatea. Halaber, EH Bilduk eta Geroa Baik dagoeneko lege-proposamen bat erregistratu dute Nafarroako Parlamentuak Madrilen galdegin dezan Langileen Estatutuaren aldaketa. Bestalde, EAEn ELAk eskatu die EAJri eta EH Bilduri estatus politikoaren aldaketarik hitzartuz gero LGS propioa ezartzeko eskuduntza ere hor sar dadila; jakina denez, bide hau ere irekita dago. Confebaski dei egin zaio martxoaren 24an negoziazio berri bati ekin diezaion.
Horregatik, ikusita egunotako batzarren eta mobilizazioen arrakasta, ELAk uste du M17ko grebarekin lantokiak hustu eta kaleak beteko direla.